Albisteak 2012

LEHIAKETA

03 Uzt 2012

"ZAILA IZANGO DA IAZKO EMAITZA ONAK ERREPIKATZEA"

"ZAILA IZANGO DA IAZKO EMAITZA ONAK ERREPIKATZEA"

Olatz Aldalur eta Argia Balentziaga, Getaria-Tolosa traineruko patroiak

Gaztea da Aldalur, 20 urte, eta Ibarrakoa. Etxekoa Balentziaga, getariarra, 36 urtekoa. Emakumezkoen arrauna eta Euskotren Ligari egin diote errepasoa, liga hasi bezperan.

 

Deigarria da kostako eta Gipuzkoa barnealdeko bi herriren artean arraun klub bat sortzea. Zein da azalpena?

Olatz Aldalur: Beno, lehen urtean Getaria eta Zumaia elkartu ziren, eta Tolosak bere kontura atera zuen ontzia. Oriako klubak ontzia utzi, neska kopuru nahikoa eta aurrera. Bigarren urtean, Zumaiakoak euren kabuz moldatu ziren, eta Getaria bere kabuz ez zen gai antzekoa egiteko. Tolosan ere nahi eta ezin geratu zen taldetxo bat bazegoen, eta biak elkartu ginen. Bi kluben interesak uztartu ziren.

 

Getariakoa ulertzekoa da, baina Tolosa ingurukoa… Zenbat arraunlari zarete bertakoak?

Olatz Aldalur: Egun, bospasei edo gaude. Aurreko urteetan gehiago ginen.

 

Eta Tolosan non egiten duzue arraun?

Olatz Aldalur: Ba errekan. Duela urte batzuk ezer ez genuen, aldagelarik ere ez. Gaur egun badugu, eta pixkanaka, bagoaz bidea egiten.

 

Nolatan hasi zinen arraunean?

Olatz Aldalur: Ni eskolan nenbilenean Gaizka Garmendia irakaslea nuen, San Pedroko arraunlaria, eta 12 urterekin ea arraunean ikasteko gogoa ote neukan galdetu zidan, patroi izateko. Orain arte.

 

Zergatik patroi?

Olatz Aldalur: Gauzak argi esanda, arraunlari izateko txikia nintzelako, pisu gutxikoa, eta ez neukalako indar nahikorik.

 

Patroi lanaren alde onak eta txarrak?

Olatz Aldalur: Gustatzen zait, batez ere emaitzak onak direnean. Erantzukizuna handia da, eta emaitzak onak badira, hazi egiten zara. Txarrak, patroiak estropada bat gal dezakeela berak bakarrik, ez dago aitzakiarik.

 

20 urterekin 10-12 neskako koadrila bat eramatea ez al da gogorra?

Olatz Aldalur: Bai, baina dagoeneko hartu diot tamaina. Laugarren denboraldia dut Getaria-Tolosan, ikasi egiten da. Hasieran, 16 urterekin, eta alboan jende helduagoa, ‘zer esan behar diet hauei’ esaten nion nire buruari, baina asko lagundu didate, eta azkenerako agintzen bukatzen duzu, arraunlariek hala eskatuta.

 

Zer da zailena zure lanean?

Olatz Aldalur: Burua hotza edukitzea, arraunlariak ezkortasunean ez murgiltzea. Jakina, zu zeu ere tinko mantentzea, gauzak gaizki joanda ere.

 

Zein izan zen pasa den sasoian Euskotren Liga irabazteko gakoa, Galiziako selekzioak faborito garbia zirudien arren?

Argia Balentziaga: Gauza jakina da galiziarrak fisikoki indartsuagoak direla, emakume eginagoak, helduagoak. 26-28 urtekoak, eta gu gazteagoak. Galiziako selekzioa dira. Ez bakarrik Galiziakoak, Espainiako beste eskualdeetako arraunlari onenak ere han egiten dute arrauna. Guk Getaria-Tolosa klubean ere lana ondo egin genuela erakutsi genuen.

 

Eta txapeldunak izanda, zein da helburua?

O. A. Ahal den bandera gehien irabaztea, eta ontzian txandakatzeak egitea jende berria sartuz.

A. B. Emakumeen artean sekulako bilakaera egon da arraunean. Esan nahi dut, duela urte batzuk jendeak arraunlarioi begiratu eta ‘begira, gaixo horiek, zenbat sufrituko duten’ entzuten zen, eta egun kirolari landu gisa ikusten gaituztela esango nuke. Iraganekoa gutxietsi gabe, Getaria-Tolosak klub gisa emakumezkoen arrauna hobetzeko, indartzeko egin duen lana bikaina izan dela esango nuke. Agian diferentzia zera da, Getaria-Tolosan bilakaera hori oso tarte txikian gertatu dela, beste talde batzuetan baino azkarrago. Talde bezala oso epe motzean egokitu ginen, eta kluba ere asko hazi da. Iazkoa hobetzea… Estropada bakarra galdu genuen!

 

Presiorik sentitzen al da, hobetu behar horren inguruan?

A. B. Ni apur bat ere beldurtu nintzen pasa den udan, irabazi behar hori…

O. A. Aurten baja dezente izan ditugu, lauzpabost titular, baina etorri direnak ere onak dira. Ez dugu lehiaketetan parte hartu oraindik, eta badago halako uste bat, jendearen aldetik, agian ez garela pasa den urtean bezain ondo ibiliko.

A. B. Nire ustez ondo etorriko zaigu uste hori presio hori alboratzeko.

 

Faborito sentitzen al zarete?

O. A. Ni behintzat ez. Pasa izan zaigu, bigarrenari hiru segundogatik irabaztea, eta jendeak galdetzea, ‘zer, nolatan ez dizkiezue 15 segundo atera?’. Aurkariek ere arraunean egiten dute, eta ondo. Denek egiten dute hobera. Guk geuk eta besteak. Ez zait asko gustatzen aisa irabazi behar dugun sentsazio hori.

A. B. Aurrean egotea faborito izatea al da? Ni ere Olatzekin ados.

 

Asteburuko sailkapen estropada horretatik salbu zarete, txapeldun gisa postua ziurra duzuelako. Lasaitasuna ematen al du horrek?

O. A. Bai, eta prestakuntza lasaixeago emateko aukera ere bai. Ikusten da beste klub batzuk arraunketa hobea dutela dagoeneko, baina guk astebete gehiago dugu lanerako.

 

Zein izango dira zuen aurkariak?

O. A. Beno, San Juan ondo ibili da orain arteko probetan, Galizia ere bai, noski.

 

Zumaia lauzpabost kilometrora bakarrik dago. Pikerik ba al dago bi herrien artean?

O. A. Ez. Aurreneko urtean agian bai. Nesken artean behintzat ez, nik dakitela.

 

Eta Tolosaldeko jendea etortzen al da hango arraunlariak animatzera?

O. A. Bai, baina gehiago etorriko balira, kalterik ez.

 

Arrauna ogibide izateko modurik ba al da?

O. A. Ez, ezta gutxiago ere, eta iritsiko ote den ere zalantzak ditut. Mutilen arraunak audientzia, oihartzun mediatikoa handiagoa du eta oso urrun gaude oraindik. Hobetu, asko hobetu da, baina urrun gaude. Lana egiten jarraitzea da bide bakarra. Hasiera eman diogu, baina orain jarraipena eman behar zaio, eta pausoak eman, pixkanaka bada ere.

A. B. Egoera onartzea da lehen pausoa. Mutilen arrauna gurea baino ikusgarriagoa da, indar gehiago dutelako, eta mutilen arrauna profesionalizatzen ari da oraindik. Sarri ikusten ditugu, mutilen estropadetan-eta, emakumeok uretara sartu, eta goitik behera begiratzea, ‘horiek nora doaz?’ galdetuko balute bezala. Guk gure goia lortzea izan behar dugu jomuga, mutilen mailara inoiz ez garela iritsiko onartuta.

 

Zer suposatu du zuentzat Euskotren Liga sortu izanak?

O. A. Urrats garrantzitsua, lehiaketa hobetzeko. Orain bi urteko iskanbila hura ere ez zen ona izan, berdinketaren kontua-eta.

A. B. Babesa, baina beste jende, erakunde eta besteren babesa behar dugu, aurrera egin nahi bada. Eta beste kontu bat. Mutilen baldintza eta arau berberekin lehiatu behar dela. Gertatu izan da, arauren bat bete ez, eta parte hartzen utzi, ‘utzi lehiatzen, neskak dira-eta’, esanez. Hori ere ez da bidezkoa.

O. A. Guk ordu asko sartzen ditugu egun askotan, eta gero horrelakoak entzutea… Ez da samurra.

 

Banderak-eta irabazten dituzuenean, herriaren babesa sentitzen al duzue?

A. B. Arlo horretan ez daukagu batere kexarik. Bandera bat ekartzen dugun aldiro herriko txistulari bandak halako harrera berezia eta eskertza doinuak egiten dizkigu, eta guretzat oso garrantzitsua da hori.

Itzuli