Albisteak 2012

LEHIAKETA

29 Eka 2012

SAN MIGUEL LIGAKO KAZETARITZA-ANALISIA

SAN MIGUEL LIGAKO KAZETARITZA-ANALISIA

Lau adituren analisia hastear den denboraldiaren inguruan

GAIZKA LASA

 ‘El Diario Vasco’ egunkariko kazetaria

 “7-8 traineruk lor ditzakete banderak, eta kopuru handia da”

Pasa den denboraldiko joera errepikatuko dela esango nuke. Lehiakortasun handia, parekotasuna bezala, eta deskuidurik txikiena garesti ordainduko da. Faborito nagusiak Kaiku eta Urdaibai izango direla uste dut, baina Hondarribia eta Tiran ere banderak lortzeko lehian sar daitezke. Traineruen batez besteko maila asko igo dela uste dut, eta horrek San Miguel Ligaren maila hobetuko du. Aipatutako lau traineru horiez gain, Pasaiako bi ontziek, Astillerok eta Pedreñak ere banderaren bat irabazteko aukera badutela uste dut, eta horrek banderak lortzeko hautagai kopuruan 7-8 ontzikoa dela esan nahi du, kopuru handia. Ikuskizuna handitu egingo da, eta itsasoak zeresan handia izan dezakeela pentsatzen dut.

Ustekabea eman dezakeen traineru bat aipatu beharko banu, San Pedro aipatuko nuke. Dagoeneko ez da ustekabea, Bilbon eta Allozko urtegian egindako estropadetan oso indartsu daudela erakutsi dutelako. Agian ez da faboritoa, baina lanak emango dituelakoan nago. Bi igo berriei dagokionez, Portugaletek eroso eutsiko diola uste dut, plantilla ona duelako. Bigarren txandan postua lortzeko aukera duela esango nuke. Zierbenari dagokionez, lan zailagoa du. ARC-n ere 2. eta 3. postuetan sailkatzen zen, eta San Miguel Ligako umilenetakoa dela esango nuke.

Gipuzkoako arraunaren inguruan, osasuna eta etorkizuna onak direla esango nuke. Elitean lau ordezkari ditu Gipuzkoak, azken urteetako txikiena, baina horrek ez du esan nahi arrauna krisi egoeran dagoenik. Orio ARC ligan dago, baina igoera lortzeko aukera askorekin, eta Donostiarra eta Trintxerpe ere bultzaka datoz. Talde handiak egonkortasuna dute, eta urteak daramatzate harrobia lantzen. Horrek fruitu onak ematen ditu, eta ematen jarraituko du.

 

 

RAMÓN BASALDUA

Bizkaia Irratiko esataria

“Kaiku da faborito nagusia koadrila mantendu eta indartu duelako”

Denboraldiaren atarian egiten diren analisiek intentzio ona izaten dute, baina gero itsasoak erabakitzen du bakoitza ze postutara eraman. Hori esanda, nik ere betiko izenak aipatuko nituzke: Kaiku, Hondarribia eta Urdaibai. Kaiku litzateke faborito nagusia, iazko koadrila mantendu eta indartu egin duelako. Arraunak, baina, ertz asko ditu. Hondarribiak ere talde indartsua du. Urtebeteko eskarmentua irabazi dute, eta lan ona egingo dute. Urdaibairi dagokionez, ikusteko dago zein maila ematen duen. Aldaketa asko egin ditu, eta entrenatzaile eta koadrila ona badauka ere, zaila izango du azken bi denboraldietako mailari eustea.

Ezustekoren bat eman dezaketen traineruen artean, Pasai Donibane esango nuke. Urte txarrak igaro ondoren, gauzak ondo egin dituzte eta onenen artera itzuli dira. Aurten ere, maila ona emango dutela uste dut. Itsasoaren garrantzia ere nabarmendu nahi nuke. Ur bareetako estropadekin ohitu gara, baina itsaso zabaleko lana erabakigarria izango da aurten. Igo berrien analisian, Portugaletek San Miguel Ligari ondo eutsiko diola uste dut. Oso talde ona zeukaten iaz, eta dute aurten. Aizperro ondo mugitu da. Zierbenak lan gaitzagoa izango du, eta Zumaiak ere erne ibili beharko du erretzen duten postu horiek saihesteko. Mailari eusteko borroka itzela izango da.

Bizkaiko arraunaren osasunari dagokionez, ona dela uste dut. Bizkaiak inoiz ez du hainbeste ordezkaririk izan San Miguel Ligan eta KAE ligako ontziak ere oso maila ona ematen ari dira. Harrobira begiratuta Mundakako gazteak jaun eta jabe izan dira Kantaurian.  Etorkizunak laino beltzak dakartza, krisia. Fitxaketa aroa bukatu dela esango nuke, eta harrobia landu beste erremediorik ez dela geratuko. Lan horretan ondoen trebatzen denak lortuko du arrakasta.

Itzuli