Albisteak 2011

LEHIAKETA

27 Uzt 2011

SAN MIGUEL LIGAK LAN ERDIAK BETEKO DITU ZUMAIAKO IKURRINAREN XXVI. EKITALDIAREKIN

SAN MIGUEL LIGAK LAN ERDIAK BETEKO DITU ZUMAIAKO IKURRINAREN XXVI. EKITALDIAREKIN

- Kaiku Ambilampek tartea ireki du lehiakideekiko Mapfre Koroa lortzeko borrokan, baina parekotasuna handia da ligako 12 ontzien artean

- Euskotren Ligako azken estropada ere igandean jokatuko da, eta multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek titulua lortzeko kanporaketan parte hartzeko txartela lortuko dute

Zumaia, uztailaren 27a. - San Miguel ligak lan erdiak beteko ditu asteburuan Getxon eta Zumaian jokatuko diren estropadekin. Igandeko hitzordua Zumaian da. Itsaso zabalean lehiatuko dira ontziak herri hartan, ZUMAIAKO IKURRINA lortzeko deman.

Uztaileko azken egunean da hitzordua, eguerdian. Lau traineruko hiru txanda jokatuko dira, eta ontziek ohiko distantzia osatu beharko dute: 5.556 metro, hiru ziabogekin. Estropadaren aurkezpen ekitaldia egin da gaur, Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan, eta hara bertaratu dira herriko alkatea, Iñaki Agirrezabala jauna, Zumaiako Aita Mari arraun elkarteko presidentea, Luis Mari Goikoetxea jauna, eta Santi Ipiñazar, El Diario Vasco egunkariaren ordezkari gisa. 22.500 euro banatuko dira saritan, eta txanden banaketa bezperako estropadak utzitako sailkapenaren arabera erabakiko da. Bezperako estropada Getxon jokatuko da: GETXOKO ESTROPADEN XXXIII. IKURRINA.

Denboraldiko lehen erdiak sailkapen buruan utzi du Kaiku Ambilamp ontzia, tarte politarekin. Hari segika daude orain Urdaibai Umpro Avia, Hondarribia Orsa eta San Juan Iberdrola. Lehiaketako lehen hilabetea pasa da, eta lehen hilabete horrek egoera argi bat utzi du: San Miguel Ligan dagoen parekotasun handia. Parekotasun horren ondorioz, lehen txandan jardun beharko du etxeko ontziak, Zumaiak, baina jakina da herriko zaleen epelean beste inon baino hobeto egiten dela arraun, eta Telmo Deun barruan doazenak nola edo hala ahaleginduko dira jaitsiera/igoera kanporaketara daraman 11. postu gaiztoa saihesten.

San Miguel ligako estropadaz gain, Zumaiak Euskotren Ligako 3. estropada puntuagarria ere hartuko du. A multzoko estropada izanen da, eta etxeko neskak sailkapen buru direla, Galizia Rianxeira ontziko neskekin berdinduta. 2.778 metroko distantzia osatu beharko dute ontziek, bi luze eta ziaboga bakarra. 1,5 itsas milia denera. Euskotren ligako jardunaldia 12:00an hasiko da.

Bezperan, Getxon, San Miguel ligako 10. proba puntuagarria eta Euskotren ligako 3. saioa jokatuko dira. Euskotren ligari dagokionez, B multzoko klubak ariko dira lehian. A eta B multzoetako zazpi ontziek astebeteko atsedena hartu ahal izan dute, baina ligako azken estropadan barruan duten guztia eman beharko dute. A multzoan lidergoa bera dago jokoan, eta B multzoan, titulua lortzeko kanporaketa. Bosna puntu dituzte San Juanek eta Bizkaiak, eta bietako batek bakarik lortuko du titulua lortzeko kanporaketan parte hartzeko txartela (horrekin batera, Zarauzko Ikurrina borrokatzeko saria). Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek parte hartuko dute Zarauzko Ikurrina estropadan, abuztuaren 13 eta 14an. Egun horretan bukatuko da Euskotren liga.

Itzuli