Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

26 Mar 2013

"SAN MIGUEL LIGAK ETORKIZUN ONA DU; SPONSORRAK ERAKARTZEN DITU, LEHIAKETA SERIOA DA, ETA KIROL ARLOAN OSO ERAKARGARRIA"

"SAN MIGUEL LIGAK ETORKIZUN ONA DU; SPONSORRAK ERAKARTZEN DITU, LEHIAKETA SERIOA DA, ETA KIROL ARLOAN OSO ERAKARGARRIA"

Paco Prieto, San Juango presidente eta entrenatzaile ohia

Paco Prieto ez da kostaldean bizi (Pasai Donibane, 72 urte), baina bost minutura dauka hain gustuko duen itsasoa. Ez dago arraun munduan bete-betean sartuta, baina eskatzen dioten kontuetan laguntzeko prest dago beti. Gutxi izango dira bera baino ordu gehiago sartu dituztenak klub batean: 45 urte Koxtapen. Entzutea komeni den iritzi emailea da.

 

Urte asko eman dituzu arraunean, orain nahiko ezkutuan zabiltza… Zertan da, Paco Prietoren bizitza?

Egon izan naiz, eta banago oraindik. Arraunlari bezala hasi nintzen, klubarentzat Espainiako Txapelketako lehen domina irabazi nuen. Ondoren arraunlari eta zuzendaritza batzordeko kide izan nintzen aldi berean. Traineru bat sortu zen, Koxtaperen hasiera. Ontzira itzuli nintzen gero, eta ondoren presidente, patroi, entrenatzaile… 1965. urtean hasi nintzen, eta orain hiru urte erretiratu nintzen apur bat. 45 bat urte, guztira.

 

Oraindik lanean segitzen duzula esan duzu, laguntzen. Zer egiten duzu, zehazki?

Infantilen entrenatzaileari lagundu, eta klubaren egoitza berriko zaindari eta ikuskari lanak egin. Dena ondo doan aztertu, Pasaiako Udalak hala eskatuta.

 

Ez zarela betirako joan, noski.

Hori ezinezkoa da Pasai Donibanen jaio garenontzat. Arrauna odolean daramagu.

 

ACT elkarteak 10 urte bete zituen iaz. Zu bertan egon zinen elkartea ernatu zen unean. Ze balantze egiten duzu, ze etorkizun ikusten diozu?

2002an Eusko Jaurlaritzak ondo antolatutako arrauna nahi zuela jakinarazi zuen, ordura arte indarrean zegoenaren ezberdina. Liga bat sortzea, ulertze aldera. Nik ez nuen oso garbi ikusten, Jaurlaritzak diru laguntza bat agindu zuelako lehen bi urteetan, baina ondoren ezer ez. Horrek babesle pribatuak bilatu beharko zirela esan nahi zuen, eta hori ez zen lan erraza. Hori zen nire zalantza, eta hor segitzen du, baina agerikoa da babesle pribatu sendoak lortu direla. Elkartearen osasuna oso ona da. Elkarteko langileek egin duten lana goratu behar da, egindakoa hobetzea ez baita erraza. ACT oso berritzailea izan da, dopin kontuetan erreferentzia izan gara, pasaporte biologikoaren kontuan. Ispilu izan gara beste kirol batzuentzat, eta hori garrantzitsua da. Halere zuzen jokatzen ez zuten zenbaitekin iskanbilak izan genituen, ez pentsa. ACT babesle onak lortzen ari dira, hori lortzea espero ez zenean, eta horri esker, etorkizuna polita ikusten da. Babesle sendoak dituen lehiaketari 25 estropada eskaera iristen zaizkio, Euskal Telebistak emankizun onak egiten dituelako. Salmenta ona eman zaio produktuari, eta hori oso garrantzitsua da. Teknologia arloan, GPSaren erabilerak berme handia ematen du emaitzetan, seriotasuna ligari, eta erakargarria da jendearen begietara. Parekotasuna ere handia da, eta horrek mesede egiten dio ligari. Krisiaren ondorio zuzena da parekotasun hori. Antolakuntza onarekin, telebistaren jarraipen itxurosoarekin, babesleek ligako atea jotzen jarraituko dute.

 

Nola dago gaur egun San Juan? Ze toki betetzen du San Miguel Ligan?

Lehen ere esan dut, elkartea sortu zen urtean, 2003an, ez nintzela oso aldeko, klubei ere ohituta ez geunden exijentziak betetzea eskatzen zigulako: azpiegitura onak, babesle propioak, beste taldeek egin zitzaketen fitxaketak… Liga asko hobetu da bere irudiari dagokionez, komunikabideen jarraipen handia dauka, baina horrek klubek lan hobea egitea dakar, lehiakorrago izatea, besteak beste. Harrobiarekin lana egiten dugun taldeok diru gehiago zuten taldeei egin behar izan diegu aurre, nahiz eta orain, hori, aldatzen ari den, krisiaren erruz. 2.000 metro koadroko lokal bat izatetik 500 metroko bat izatera pasa gara, eta horrek eragin handia izan zuen gure altxortegian, 200.000 euroko inbertsioa egin behar izan genuelako. Kirol arloan, hasiera ezin hobea izan zen. Liga sortu zen lehen urtean euskal ontzi onena izan ginen, eta ondoren koska batzuk egin ditugu behera. Beherakada horretan eragin handia izan du egoitza aldaketak, nire ustez. Azken urteetan gorantz egin dugu berriz, eta egoitza berrira joaten garenean, hobetzen jarraituko dugulakoan nago. Gure lekua erditik gora dago. San Miguel Ligan lan ona egin dugu. Hirugarren izan gara, seigarren 2011n… Zer gertatzen da gurekin? 1985ean hasi eta 2003a arte punta-puntako taldea izan ginela, eta orain hori errepikatzea oso zaila dela.

 

Anekdota piloa izango duzu kontatzeko, ezta?

Batzuk konta daitezke, besteak ez. Irteeratako zigorrekin oroitzen naiz gehien. Orain oso zaila da tranpak egitea, baina teknologia iritsi aurretik, bazen tosta hautsiekin itsasoratzen zena, behin estropada hasi, besoa jaso, sarrera baliogabetu eta mareen kontuarekin minutu batzuk irabazteko… Orain ezin da halakorik egin. Espioitza kontuen inguruko hainbat ere esan nitzake, zenbait klubetako entrenatzaile kluben egoitzetan ibili direlako atoien neurriak zelatatzen… Estropadetan, baziren tostak berunez betetzen zituztenak, pisu handiagoa emateko, eta behin balantzatik pasata, beruna kendu. Egun ezin da halakorik egin.

 

Arraunak egun daukan oihartzun mediatikoa edukiko zuenik pentsatu al duzu noizbait?

Ontzian arraun egin behar zutenei lanpostuak eskaintzen hasi zirenean sumatu nuen aldaketa. Halaxe hasi zen Fermin Altuna Michelin Lasarterekin. Morrosko handiak kontratatzen zituen, enpresan lana egin eta gero arrauna. Irtenbide ona iruditzen zait, ze arrauna egiteagatik soldata bat ordaintzea ere… Ezberdina da. Nire ustez arrauna ez da inoiz kirol profesionala izango %100. Egon litezke arraunlari profesionalak, hainbat klubetan, aulki mugikorrean-eta ezagunak direnak, baina erabat profesionalizatua, nik ez dut ikusten. Gurea bezalako herri txiki batentzat, gure herrian dugun zale talde fidel batentzat, mundu mailan ezagun egin diren arraunlariak edukitzea harro egoteko modukoa da.

 

Zer eman dizu arraunak, eta zer kendu?

Eman, bizitzan balioa ematen zaion zerbait: lagun onak. Bestalde, nire lana ondo baloratu dela uste dut, San Juan klub serioa dela pentsatzen du jendeak, eta ñabardurak ñabardura, gustura nago, gaude, egindako lanarekin. Hutsetik hasi ginen, eta gaur ondare interesgarria dugu, lokalei dagokionez. Egin den lanari esker, klubak arazorik gabe urte batzuk irauteko moduan dagoela uste dut, eta hori beti da pozik egoteko moduko arrazoia. Zer kendu didan? Aurkari batzuk agertu izana, bate zere klubean gertatu zen banaketarekin, 1991-1992 urteetan. Kolpe gogorra izan zen hura, baina uste dut inork ez duela ezer txarrik esango garai hartaz. Lan handia egin dut, eta ahal izan dudana eman. Alboan lankide bikainak izan ditut, eta San Juanek lortu duen arrakasta guztia musu truk lan egin dugun guztien meritua da. Zenbaitzuk lanean diraute oraindik!. Hori da gure klubeko altxor onena, zenbat balio duen zehaztu gabeko altxorra.

 

Azkena, nola ikusten duzu aurtengo San Miguel Liga?

Nik Hondarribia-Orsa ikusten dut ondo. Arraunketa erraza du, atsegin dut. Buruan ibiliko da, eta Liga irabazteko hautagai nagusia dela esango nuke. Oraindik ez dugu benetako Kaiku-Ambilamp ikusi, baina talde ona dauka. Urdaibai Umpro-Avia bezala. Hiru horien ondoren halako multzotxo bat dago: San Pedro-Ecolmare, Tiran-Pereira. nahiz eta galiziarrek arraunlari batzuk galdu dituzten, Orio-Babyauto herriko jende asko itzuli delako…

 

Eta San Juan zer?

Sailkapenaren erdialdean egongo bagina, sufritu gabe, konforme nengoke. Jende gazte samarra sartu da, beste klubetan zaildutakoak guk utzita. Gorantz begiratzeko aukera baldin badugu, ni kontent.

Itzuli