Albisteak 2010

LEHIAKETA

28 Uzt 2010

SAN MIGUEL LIGA LAN ERDITAN: ZUMAIAKO BANDERAKO XXV. EKITALDIA JOKATUKO DA IGANDEAN

SAN MIGUEL LIGA LAN ERDITAN: ZUMAIAKO BANDERAKO XXV. EKITALDIA JOKATUKO DA IGANDEAN

Oriok eta Urdaibaik aurrea hartu dute Caja Madril Koroa lortzeko borrokan, baina sailkapeneko lehen 10 ontzien arteko parekotasuna handia da.

San Miguel Ligak lan erdiak egin ditu. Igandean, abuztuko lehen egunean, denboraldiko 10. estropada puntuagarria jokatuko da. Hitzordua Zumaian da: ZUMAIAKO BANDERAREN XXV. EKITALDIA. Estropada itsaso zabalean jokatuko da, pasa den denboraldiko gertaera lazgarria gogoan. Iaz erauntsi ikaragarria lehertu zen Zumaian, estropada hasi eta gutxira, eta bertan behera geratu zen lehiaketa, klubek egindako lan handia eta zale askoren ilusioa pikutara bidaliz aitaren batean.

Eguerdiko 12tan hasiko da Zumaiako estropada. Lau ontziko hiru txandek osatuko dute, eta 5.556 metroko distantzia osatu beharko dute 12 traineruek (hiru ziaboga). Gaur eguerdian egin da estropadako aurkezpen ekitaldia, Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan. Hara bertaratu dira herriko alkatea, Iñaki Agirrezabalaga, eta Aita Mari arraun elkarteko presidentea, Luis Mari Goikoetxea. 22.500 euro banatuko dira saritan, eta txanden banaketa bezperako estropadako sailkapenaren arabera erabakiko da. Getxon jokatuko da larunbateko estropada: GETXOKO ESTROPADEN XXXII. IKURRINA.

Denboraldiko lehen erdiak sailkapen buruan utzi ditu Orio Amenabar eta Urdaibai Umpro Avia. Batez ere ontzi gipuzkoarra, 8 puntuko aldea kentzen baitio Bermeoko klubari. Lehiaketako lehen hilabeteak argi erakutsi du parekotasuna erabatekoa dela San Miguel Ligan. San Juan Iberdrola dago 3. postuan, 66 punturekin, eta 10. da Kaiku Ambilamp, 42 punturekin. Zumaiak bere zaleen epelean egingo du arraun, eta lan ona egiten saiatzeaz gain, 11.postua saihesteko azken ahalegina egingo du. 11. postu horrek igoera eta jaitsiera kanporaketa jokatzera eraman dezake Zumaia.

Zumaian jokatuko da, era berean, Euskotren Ligako 6. estropada puntuagarria: EL DIARIO VASCO BANDERA. 6.000 euro banatuko dira saritan, eta lau ontziek 2.778 metroko distantzia osatu beharko dute: 1,5 itsas milia (bi luze eta ziaboga bakarra). Estropada goizeko 11.30an hasiko da.

Bezperan, Getxon, San Miguel Ligako 9. estropada puntuagarria jokatuko da. Baita Euskotren Ligako 5. estropada puntuagarria ere. Emakumezkoen Liga bueltan da, aste beteko atsedenaren ostean. Lidergoa jokoan jarriko dute Galizia eta Gipuzkoako selekzioek. Bi klubek puntu kopuru bera bildu dute lehen lau estropadetan: 14 puntu

Itzuli