Albisteak 2012

LEHIAKETA

04 Uzt 2012

PORTUGALETEKO HIRI NOBLEKO IKURRINAREN AURKEZPENA

PORTUGALETEKO HIRI NOBLEKO IKURRINAREN AURKEZPENA

Portugaleten elkartuko dira larunbatean gizonen eta emakumeen lehiaketa

Arraun lehiaketak ez du atsedenik hartzen. Lehen asteburuko gorabeheren ondotik, bigarrena ate joka dago, lehiaketa eta pizgarri gehiagorekin. San Miguel Ligako 3. eta 4. estropada puntuagarriak jokatuko dira, eta Euskotren Liga ere zazpi traineruren arteko demarekin hasiko da. Portugaleten eta Zarautzen jokatuko dira asteburuko bi estropadak. Portugalete ohiko plaza bilakatu da dagoeneko. Larunbatean PORTUGALETE HIRI NOBLEKO XXXI. ekitaldia jokatuko da. Gaur goizean egin da estropada horretako aurkezpen ekitaldia, eta bertan izan dira Portugaleteko alkatea, Mikel Torres Jauna, Portugaleteko Udaleko Kirol Zinegotzia, Angel Anero Jauna, eta Portugalete arraun elkarteko presidentea, Javi Gonzalez Jauna.

 

Berezia da Portugaleteko hitzordua, Jarrillera ontzia onenen ligan ari delako arraunean aurten: San Miguel Ligan. Lehen bi estropadetako lana ez da on-ona izan, eta non hobe, gorakako bidea hasteko, etxeko estropadan baino. Asko dago jokoan Bilboko itsas adarrean, eta denboraldian lehen aldiz, liga irabazteko hautagai nagusiek txanda berean egingo dute arraun: : Kaiku Ambilamp. Hondarribia Orsa, San Juan Iberdrola y Urdaibai Umpro Avia

 

Arreta berezia, era berean, Euskotren Ligaren hasierari. Lehen bi probak sailkapen estropadak izango dira, ligan ze hiru ontzik parte hartuko duten erabakitzeko. Ñabardura garrantzitsu bat: Bi estropadak Euskotren Liga lortzeko puntuagarriak ere izango dira. Lehen hitzordua Portugaleten izango da, larunbat arratsaldean, 6retan. Ordu horretan hasiko da KUTXABANK BANDERA.

 

Sei ontzi hiru postu lortzeko deman murgilduko dira: Hibaika Jamones Ancin, Hondarribia Orsa, Orio Babyauto, Rianxeira Mecalia, San Juan Iberdrola eta Zumaia Salegi Jatetxea. Saria, Euskotren ligan parte hartzea. Getaria-Tolosa borroka horretatik salbu geratuko da, sailkapena ziurtatua baitu pasa den sasoian Euskotren Liga irabazi ondoren. Bi estropadak erlojupekoak izanen dira, eta traineru guztiak minutu bateko tartearekin ekingo diote lanari. Irteera zozketa delegatuen gunean egingo da, estropada hasi baino bi ordu lehenago.

 

Puntu banaketa ontzi bakoitzaren sailkapenaren araberakoa izanen da. Lehen sailkatuak 7 puntu lortuko ditu, eta beste sailkatu guztiak puntu bat gutxiago, hurrenez hurren, azkenak puntu bakarra eskuratuz. Bi estropadetako emaitzekin puntu batuketa egingo da, eta batuketaren ostean hiru onenen artean sailkatzen diren traineruek Euskotren Ligan parte hartzeko txartela lortuko dute. Hirurek Getaria-Tolosarekin batera egingo dute arraun emakumezkoen ligan.

Itzuli