Albisteak 2014

LEHIAKETA

10 Abu 2014

Orio Babyauto izan da indartsuena Boiron

Orio Babyauto izan da indartsuena Boiron

'San Nikolaseko' oriotarrarentzat izan da garaipena, Hondarribia Orsa eta Caboren aurretik

Urte askoan etorri gabe, San Miguel Liga Boirora itzuli da gaur goizean eguraldi nahiko txarrarekin, baina hori ez da eragozpena izan eta oso giro ona bizi izan da gerturatu den gende ugariaren artean. Berriz ere, ohorezko txandaren garailea izan da bandera etxera eraman duena, eta kasu honetan, Orio Babyautorentzat izan da estropada 20'49”46ko denbora eginez. Bigarren postuan Hondarribia Orsa iritsi da, hiru segundora, eta “la Caixa” Koroaren bilako sailkapenean lidertzan jarraituko du beste astebetez, oriotarrekiko bost puntuko aldearekin. Bertakoak diren Caboko arraunlarientzat izan da hirugarren postua, denboraldiko posturik honena dena, herri guztiaren aurrean 20'59”02ko denborarekin, 23 segundoko atzerapenarekin.

Bigarren txandako protagonista, bestalde, aurkariei batere aukerarik eman ez dien Urdaibai Avia izan da, 20'59”48ko denborarekin laugarren postua lortuz. Emaitza honekin Gorka Aranberri “la Caixa” patroi onenaren garaikurraren sailkapeneko goikaldean jarraitzen du. Hauen atzetik, Portugalete Eulen ailegatu da, bermeotarrengandik 19 segundora, seigarren postua lortuz. Astillero eta Tirán Pereirak bederatzigarren eta hamaikagarren postua loortu dute, hurrenez hurren. Esasn beharra dago galiziarrek arazoak izan dituztela bigarren ziabogan espaldina hautsi zaiela eta.

Lehenengo txandan, San Juan Iberdrola izan da indartuena eta hasieratik hartu du probaren proa, 21'21”93ko denbora markatzeko eta zazpigarren postua lortzeko. Atzetik, Zierbena Bahías de Bizkaiaren atzerapena 38 segundokoa izan da irabazleekiko, zortzigarren postua lortuz. Txanda itxi dute Pedreña eta San Pedro Ecolmarek hamargarren eta hamabigarren izateko.

Hurrengo astebukaeran Zarautzen

San Miguel Liga datorren astebukaeran itzuliko da urteko estropada ezagunenetariko batekin, Zarautzeko bi jardunaldiko estropadarekin. Bi hitzordu hauetan, gainera, Euskotren Ligako txapelduna nor den erabakiko da.

Itzuli