Albisteak 2010

LEHIAKETA

25 Abu 2010

MIROTZA ONTZIAK MAREA HORIAREN LAGUNTZA NAHI DU, SAN MIGUEL LIGAKO LIDERGOA BERRESKURATZEKO

Urdaibaik badaki kolpe erabakigarria eman diezaiekela oriotarrei Orioko estropada irabazten badu; dema ikusgarria espero da, era berean, San Pedro, Hondarribia eta Kaikuren artean

Urdaibai Umpro Aviak kolokan jarri du Orio Amenabarren erregetza. Gipuzkoarrak jaun eta jabe izan dira San Miguel Ligako lehen 13 jardunaldietan, baina Bermeoko urdinek pultsua bota diote oriotarrei, Astillero eta Hondarribiko estropadak irabazi eta lidergoa lortu ostean. Bi estropada errenkadan Bou Bizkaia ontziarentzat, lidergoa, estimu handia, eta urduritasuna aurkariarengan.

Bi hautagaiak puntu kopuru berarekin iritsi dira ligako azken aurreko asteburura: 143 puntu. Horregatik, Mirotza ontzikoek bere herriko marea horiaren laguntza nahi dute, hori koloreko zale sutsuek ontzia airean eraman dezaten garaipenerantz. Oriotarrek XX. ORIOKO ESTROPADAK - XIII. INMOBILIARIO ORIO IKURRINA estropada poltsikoratu nahi dute. Lidergoa berreskuratuko lukete horrela, baita buruko indarra ere, denboraldiko azken hiru estropadei begira. Asko dago jokoan, Caja Madril Koroa lortzeko lehiak dena jokoan jartzea dakarrelako.

San Miguel Ligako 15. estropada puntuagarria da Oriokoa. Larunbatean jokatuko da, itsaso zabalean, eta 16.30an hasiko da. Ontziek 5.556 metroko tartea osatu beharko dute, lau luze eta hiru ziaboga. Orioko Udalak eta bertako arraun elkarteak antolatzen dute estropada, eta Inmobiliaria Orio da babesle nagusia. Eguerdian egin da aurkezpen ekitaldia Orioko Udaletxean, eta hara bertaratu dira Noemi Ostolaza lehen alkateorde anderea, arraun klubeko presidenteordea, Joserra Garate Jauna, Inmobiliaria Orio etxeko ordezkaria, Jose Luis Aiestaran Jauna, eta Orioko Kirol Zinegotzia, Bixente Lasa jauna. 25.000 euro banatuko dira saritan, eta txandak San Miguel Ligako sailkapen nagusiaren arabera finkatuko dira. 9. eta 12. postuen artean sailkatutako ontziak lehen txandan abiatuko dira, eta beste bi txandak ere irizpide beraren arabera osatuko dira.

San Miguel Liga, dena den, bi ontziren arteko borroka baino askoz gehiago da, eta Orioko estropadak pizgarri asko ditu. Kantabriako hiru ontziek laugarren postua lortzeko daukaten borroka estua, adibidez. Naturhouse Castrok goranzko bidea hartu du, eta aurrea hartu die bi bizilagunei, Pedreña eta Astillerori. Arreta berezia, era berean, 8. postua lortzeko demari. San Pedro Ecolmarek lau puntuko aldea kentzen dio Hondarribia Orsari, eta bost puntukoa Kaiku Ambilampi. Zortzi traineru onenak erabakiko dituen langa asteburu honetan jaitsiko da. Orion larunbatean, eta Castron igandean. 24 puntu daude jokoan, eta hiru ontzi postu bakarraren bila

Itzuli