Albisteak 2012

LEHIAKETA

20 Eka 2012

MAILA GALTZEKO ARRISKUA DAUKAGULA ONARTZEN DUGU

MAILA GALTZEKO ARRISKUA DAUKAGULA ONARTZEN DUGU

Patxi Frances, Zierbena-Bahias de Bizkaia klubeko entrenatzailea

Patxi Frances San Miguel Ligara itzuli da, oraingoan Zierbenaren eskutik. Ligako kide berria, patxadaz onartzen du maila galtzeko hautagaietako bat direla: “Hori da dagoena, eta onartzea onena”. Zintzo, baina borroka aginduz: “Aurkariek gu garaitzeko sufritzea nahi dugu”.

 

-53 urte dituzu, urte asko daramatzazu arraunaren munduan.

-Arlo guztietan egin dut lana. Modu bitxian hasi nintzen, gainera. Kirol guztiak praktikatzen nituen, eta Donostiako Fortunak lubak ontzia sortu zuen. Nire lehengusu bat saltsan zebilen, eta “zergatik ez zara etortzen?”, bota zidan. 1984. urtea zen. Ez nuen gehiegizko ardurarik hartu nahi, nahiz eta itsasoa beti gustuko izan dudan. Neska-laguna oporretara joan zen, eta arraunean hasi nintzen. Ostegun batean, gogoan dut, eta aste batean Gipuzkoako Txapelketan parte hartu nuen, Kontxako Badian. Azken aurreko postuan sailkatu ginen, Hernaniren aurretik. Hortik Donostiara joan nintzen, urte pare batez, eta Kontxako Banderan egin nuen arraun. Ondoren Hondarribia etorri zen, jendea behar zutelako, eta gero Zumaiara, 88 urtean. Zumaiarrek Kontxako Bandera irabazi eta hurrengo denboraldian, hain zuzen ere. Ondo joan zen, eta Luis Carril ontziko kideek deitu zidaten. Arraunlari eta entrenatzaile izan nintzen lehen aldiz. Laugarren izan ginen Kontxan, 1989an. Presidente lanean ere aritua naiz, Miren Santamaria emaztea ordezkari jardunean ere aritua da, lan hori egiten zuen lehen emakumea!

 

-Urte haietatik, egungoetara. Gauza asko aldatu al da?

-Bai. Orduan ez zegoen liga antolaturik, estropada antolatzaileei deitu behar zitzaien gonbidapen eske, eta denetarik egin: arraun, entrenatu…

 

-Arraunaren munduan egin duzun bidearen halako laburpentxo bat egiteko modurik bai?

-1983tik 98ra arraunlari izan nintzen, 89an arraunlari eta entrenatzaile, eta 98. urtetik aurrera, entrenatzaile bakarrik.

 

-Ze lan atsegin duzu gehien?

-Guztiak. Kirol honen atal, alor guztiak atsegin ditut, eta urtero gehiago gustatzen zait. Ezingo nuke bakarra hautatu. Egia da arraunean gozatu izan dudala gehien. Sufritzea, irabaztea, olatua dominatzea, eta olatuak zu ez eramatea… ez dago halako sentsazio onik ontziaren kanpoan bazaude. Dagoeneko 53 urte ditut, eta badakit ez nagoela arraunean egiteko, baina gustura sartuko nintzateke ontzian. Azken Kontxako Bandera 40 urte nituela irabazi nuen, eta duela bost urte arte, ez zen ohikoegia adin horrekin halako lorpenak gauzatzea.

 

-Ez da erraza hainbeste urte irautea.

-Funtsezkoa da zure bikotekide eta seme-alaben babesa edukitzea. Arraunak denbora asko kentzen du, eta ondoan dituzunak hori ulertzen ez badute jai dago. Nik izan dut, eta horregatik iraun dut hainbeste denbora.

 

-Orio garrantzitsua izan da zure kirol ibilbidean.

-Nire etxea da. 19 urte pasa ditut han. Dena eman diet, eta dena eman didate. Gainera, haurra nintzenean, Orioko zalea nintzen. Asko sufritu nuen iaz, maila galdu zutenean.

 

-Nola sortu zen Zierbena gidatzeko aukera?

-Orain dela bi urte ere saiatu ziren, baina Orion geratu behar nuela jakinarazi nien. 2009an berriro saiatu ziren. Igon Lertxundi Orioko presidentearekin hitz egin nuen, eta Orio B ontzia gidatzeko aukera ematen bazidan geratu egingo nintzela esan nion. Berak, ordea, ezin izan zidan bermerik eman azaroa arte. Azaroa berandu da arraunean erabakiak hartzeko, eta Zierbenara joatea erabaki nuen.

 

-Nolakoa da Zierbena kluba ezagutzen ez dugunontzat?

-Talde xumea da. Lau katu ari gara lanean, baina konpromiso handia dugu. Zierbena txikia da, 1.000 biztanle ditu. Ez du gazte jenderik, eta zaila da haiek erakartzea. Nola erakarri? Lana eta ilusioarekin. Giroa ezin hobea da, baina ahalmen ekonomikoa mugatua. Zuzen jokatzen dugu beti, eta klubean daudenak ere antzera joka dezatela saiatzen gara. Hutsuneak izaten ditugu urtez urte, eta garrantzitsuak. Lan zaila da. San Miguel Ligan lehiatzeko saria lortu genuen, baina hilabete batzuetan ababorreko lau titular galdu ditugu, denak propioak, eta hiru harrobiko mutilak.

 

-San Miguel Ligan zaudete, halere. Ze pentsamendu duzu buruan, Liga hasteko astebete falta dela?

-Hasiera batean maila galtzeko hautagai nagusia gara, baina gure ilusioa mailari eustea da.

 

-Onartu bai, baina maila mantentzeari uko egin ez.

-Badakigu gure indarra zein den, eta hori onartuta, lanera. Gu garaitzea zaila dela erakutsi nahi genieke aurkariei. Maila galtzea oso aukera erreala da, baina ez gara belaunikatuko. Borrokatzeko konpromisoa dugula berresten dut. Liga hasi aurretik nahiko emaitza kaskarrak lortu ditugu, eta haserretu egiten naiz, oso lehiakorra naizelako, baina nire arraunlariekin konfiantza itsua dut, eta aurrera egingo dugu.

 

-Ligako analisi txiki bat.

-Lau faborito ikusten ditut: Kaiku, Urdaibai, Hondarribia eta Tiran. Laukote hori ikusten dut Ohorezko Txandan, baina bi aukeratzekotan, Kaiku eta Hondarribiren alde eginen nuke.

 

-Ustekabeko bat?

-San Pedro. Ez ditut Ohorezko Txandan sartu, baina ez dira urrun ibiliko.

 

-Nola ikusten duzu, orokorrean, San Miguel Liga, behin bertara itzuli zaretela?

-Nire lanarengan eragina duen heinean, arraunlari propioen kontuan ez nago ados indarrean dauden arauekin, klub bakoitzak lan egiteko aukera ezberdinak dituelako. Ez da gauza bera 50.000 biztanleko herri bateko kluba izatea, edo 1.000 pertsonako herriko kluba izatea. Klub bakoitzak bere interesak ditu, horraino ulertzen dut, baina arraunak interes orokor bat defendatu beharko lukeela pentsatzen dut. Batzuk ahaztu egiten duten interes orokorra. Taldeei irauteko aukera eman behar zaie, eta arrauna egin nahi duen jendeari arraun egiten utzi. Ezin da ulertu klub bateko arraunlari propioa izan ez, eta arrauna egiteko aukerarik ez izatea. Eta trukean, lehen egondako klubean arraunean egiteko aukera izan, eta ateak itxita edukitzea, klub horri ez zaiolako interesatzen arraunlari horri aukera ematea. Gu jende horri aukera eman diezaiokeen klubetako bat gara.  

 

-Zuk harrobiarekin egin duzu lana ia beti, baina Zierbenara joan ondotik, ez daukazu aukera hori. Nola baloratzen dituzu taldeak eraikitzeko modu ezberdinak?

-Garbi dago askoz errazagoa dela harrobiarekin lan egitea, eta egoki ikusten duzuna fitxatzea, orain egiten dudana baino: klub ezberdinetako jendea, eta arraun egiteko modu ezberdinak.

Itzuli