Albisteak 2012

LEHIAKETA

11 Uzt 2012

EUSKADI GOZA EZAZU BANDERAK KIROLA ETA TURISMOA UZTARTUKO DITU GALIZIAN

EUSKADI GOZA EZAZU BANDERAK KIROLA ETA TURISMOA UZTARTUKO DITU GALIZIAN

O Grove arraunaren hiriburua bilakatuko da larunbat arratsaldean

San Miguel Ligako tropel handia Galiziako kostaldera hurbilduko da larunbatean, bertakoei, eta bertara hurbiltzen diren guztiei ikuskizun ederra eskaini, berarekin goza dezaten. O Groven da lehen hitzordua, 18:00an. Estropada San Vicente del Mar parajean jokatuko da, Pedras Negras-en, eta zuzen-zuzenean eskainiko dute ETBk. Galiziako TVG telebista kateak eta CANAL VASCO-k. Estropada ACT elkarteak antolatzen du, Mecosko arraun elkartearen laguntzarekin.

 

Turismoa bizitza, arnasa da Galiziako kostaldeko herrientzat udan, eta zer hobe arraun liga onenak, San Miguel Ligak eskaintzen duen ikuskizuna, jendea erakartzeko. Euskadiko turismoak Euskaditik at daukan garrantziaren jakitun, Eusko Jaurlaritzak, Turismo Sailaren bitartez, O Groven jokatuko den estropada babestuko du. Herri horretan jokatuko da EUSKADI GOZA EZAZU BANDERA, Jaurlaritzak turismoa gune estrategikoetan sustatzeko aspaldi erabiltzen duen leloa. Gaur eguerdian egin da estropada horren aurkezpen ekitaldia, O Groveko Maruxia hotelean, eta bertan izan dira Juan Ramon Outeda Jauna, Mecos AE-ko presidentea, Miguel Angel Perez Jauna, O Groveko alkatea, Alfredo Bea Jauna, O Groveko Udaleko Kirol Zinegotzia, eta Iñaki Mikeo Jauna, ACT elkarteko gerentea.

 

Larunbateko estropada San Miguel Ligako bosgarren estropada puntuagarria izango da, eta une erabakigarrian dator Ligako traineru galiziar bakarrarentzat. Noiz, eta Tiran lau ontzi onenen arteko multzoan sartu den unean. Bere etxean, ohorezko txandan egingo du arraun lehen aldiz sasoi honetan Galiziako taldeak: Hondarribia Orsa, Kaiku Ambilamp eta Urdaibai Umpro Avia izango dituzte alboan, baina Tirango mutilak, dudarik ez, etxeko zaleen babes sutsuarekin. Aintzat hartu beharrekoa da, Tirani 16 ehunekogatik egin ziola ihes Zarauzko banderak, pasa den igandean. Ezer ez. Olaru erdia ere ez. Arraunketa erdia ere ez. Atsekabea, baina bultzada handia Kaiku Ambilamp eta Hondarribia Orsa harrapatzen saiatzeko. Lehenak zazpi puntuko zuloa ireki du dagoeneko, eta bigarrenak, handixeagoa: bederatzi puntu.

Itzuli