Albisteak 2023

LEHIAKETA

15 Uzt 2023

Donostia Arraun Lagunakek lidergoa sendotu du Bilbon

Donostia Arraun Lagunakek lidergoa sendotu du Bilbon Donostia Arraun Lagunakek lidergoa sendotu du Bilbon

Laugañeneko traineruak irabazi du V. Bilboko Bandera eta estropada eremuko marka berria ezarri du.

Donostia Arraun Lagunak nagusitu da Bilboko erlojupekoan. Donostiarrek 10:24 minutuko denbora ezarri dute helmugan eta Euskotren Ligako lehen postuan sendotzea lortu dute. Gipuzkoarrek, gainera, aurretik beraiek ezarritako 10:31ko marka hautsi dute. Donostiarra  heldu da bigarren lekuan, 3 segundu gehiago behar izan dutelarik estropada eremua zeharkatzeko, eta Orio Orialki, berriz, hirugarren izan da 6 segundora.

Laugarren postua eskuratzeko lehia ikusgarria izan da, izan ere ehunenekoek erabaki dute. Hondarribiaren aldekoa izan da 10:43:26ko denborarekin, Tolosaldeak, 10:43:48an geratu du erlojua, eta Hibaika ere lehia horretan egon da 10:43:96ko markako denborarekin. Cabo zazpigarren izan da Donostia Arraun Lagunak baino 24 segundo gehiago behar izan dituelarik, eta irabazlearen denboratik 39 segundotara heldu da SD Tiran Pereira.

Sailkapen nagusian Donostia Arraun Lagunakek jarraitzen du lidertzan 29 punturekin, jarraian du Nortindal Donostiarra 26 punturekin, Orio hirugarren da 25 punturekin eta laugarren postuan Tolosaldea 23 punturekin.

Hondarribia, lider berria Bilbon nagusituta
Hondarribiak denboraldiko lehen bandera eskuratzearekin batera lortu du Eusko Label Ligako lidergoa. Azken jardunaldian Zierbenarekin puntuetara berdindu bazuen ere, bizkaitarrek A Coruñan eskuratutako garaipenari esker eusten zion lidertzari. Gaurkoan, ordea, Ama Guadalupekoaren garaipenarekin kokatu da sailkapen nagusiko lehen postuan.

Hondarribiarrek 19:26ko denboran osatu dute estropada eremua. Zierbenak bigarren postuan amaitu du gipuzkoarrengandik 3 segundora, eta Bermeo Urdaibai izan da hirugarren postuan Ama Guadalupekoaren denboratik 11 segundotara.  

Euskotren Ligan bezala, Eusko Label Ligako laugarren postua ere ehunenekoek erabaki dute. Izan ere, Donostiarra Amenabarrek 19:43:02an geratu du erlojua, Orio Orialkik, bestalde, 19:43:04ean, hortaz 2 ehunenekok eman diote laugarren postua donostiarrei, eta bide batez, biharko hirugarren txandan aritzeko eskubidea.

Gauzak horrela, Hondarribia da Eusko Label Ligako lider berria 43 punturekin, Zierbenak gertutik jarraitzen du 42 punturekin eta Bermeo Urdaibai ere gertu da 40 punturekin. Laugarren postuan Donostiarra dago, 29 punturekin.

Itzuli