Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

19 Eka 2013

"BARTZELONAN IRABAZITA ERE, LIGA IRABAZTEKO HAUTAGAIAK BAINO EZ GARA"

"BARTZELONAN IRABAZITA ERE, LIGA IRABAZTEKO HAUTAGAIAK BAINO EZ GARA"

Gorka Aranberri, Urdaibai Umpro Avia ontziko patroia

Bartzelonako estropadako oihartzuna Zarauzko musika plazaraino iritsi da. Asteazken goizez bi elkarrizketa eman ditu han Gorka Aranberri herriko gazteak (Zarautz, 26 urte). Ez alferrik, Urdaibai Umpro Avia kirol erredakzio guztien buru jarri zuen igande eta astelehenean, Bou Bizkaia ontziko lemazain lanean, Euskadi Basque Country estropada irabazita. Garaipen horren, eta denboraldi hasieraren hausnarketa egin du www.ligasanmiguel.com atarikoarentzat.

 

Hiru egun pasa dira estropada bukatu zenetik, ze azterketa egiten duzu Bartzelonan egindakoaz?

Batez ere bigarren luzean hartu genuen olatu on hori aipatu da eta dugu, gure artean. Egia esan, asko lagundu zigun, errenta polita lortu genuen olatu horri esker, baina aurretik ere denbora onena egiten ari ginen. Arraunean oso ondo egin genuen, eta horrekin geratzen gara. Olatuari etekina atera izanak ere gure alde egiten du, gure txandako ontziek ere olatu bera eduki zutelako, eta ez zutelako guk adina etekinik atera.

 

“Guk” esaten duzu, baina olatua patroiak hartzen du, alegia, zuk zeuk.

Ez, ez, arraunlari indartsuak ez baldin badituzu, patroiak bakarrik ezin du olatu horren gainean jarri. Motorra behar da, ez da berdina Ferrari bat gidatzea, edo Ford Fiesta bat. Olatuak abiadura jakin bat darama, eta zuk abiadura horretara iristen saiatu behar duzu, olatua beti azkarrago datorrelako. Eusteko, erritmoa handitu behar duzu, eta arraunlariek ezin badute, nik ezin dut ezer egin.

 

Olatu hori ikusi, harrapatu izana noren meritua da? Zurea, itsas ertzean dagoen entrenatzailearena, arraunlariena…

Patroiak ezin du olatuak badatozen edo ez begira egon, mila ardura ditu. Olatua atzetik etorri zen, aurrena txikiagoa, gero handiagoa. Ni zerbait gertatzen ari zela jabetu nintzen, eta atzera begiratu. Jon Salsamendi entrenatzaileak bigarren txanda bukatuta haizea apur bat apaldu zela esan zidan, eta une erabakigarria zela, une hori probestu behar zela.

 

Behin zulo hori irekita, estropada erdi irabazita zenuten.

Bai, buruak ere lan handia egiten duelako. Norbera aurretik edo atzetik ikustea, berdin nekatzen zara, baina aurretik doana gutxiago nekatzen da, eta atzekoa gehiago. Bat pozik doa lanean, egurrean, eta atzetik doana ez. Horrek dena aldatzen du. Estropada bukatu arte egurrean joan ginen, baina hirugarren ziabogan 13 segundo lortu ostean, bost minutuko luzean halako tartea galtzea oso arraroa da.

 

Itsas ertzean Urdaibai Umpro Aviak mahai gainean kolpe handia eman zuela entzuten zen, ‘hemen gaude’ esan izan bazenute bezala. Zer diozu?

Salsamendik esan zigun, lehiatzeko moduan egongo ginela. Pasa den asteko lan saioak eta onak izan ziren, eta konfiantza genuen. Egurrean atera ginen hasieratik, kontrarioak atzean utzi, batzuk, San Juan adibidez, oso ondo ibili baziren ere, eta horrek bultzada handia suposatu zuen. Halere, tarte txikian gaude zortzi ontzi, eta egoera goitik behera alda daiteke estropada bakarrean.

 

Zuen entrenatzailea zuhur mintzatu da, liga hasi besterik ez dela egin, eta Bartzelonan irabazteak ez duela ezer esan nahi. Ados?

Erabat. Kaiku Ambilamp da txapelduna, eta gu hautagaiak baino ez gara. Estropadaz estropada joan behar da, hau oso luzea izango delako. Gorabehera asko ikusiko dira, eta denok izango ditugu krisi txikiak. Irabazteko borrokan egotea da asmoa. Talde ona dugula uste dut, luzea, pisu gehien duten arraunlariei atsedena eman diezaioketen ordezko onak, 20 arraunlari on, eta horrek asko emango digu. Entrenatzaile batentzat non aukeratu baino gauza hobeagorik ez dago, eta Salsamendik aukera hori baduela uste dut.

 

Zer aldatu da iaztik orain arte klubean?

Salsamendiren etorrera. Ez da entrenatzailea bakarrik, arraunlaria ere bai. Ez da gazte-gaztea, baina oraindik garrote handia dauka, eta bere etorrera nabarmenduko nuke. Eskarmentu handia du, eta jendea gustura dago.

 

Zer aldatu da Salsamendirekin?

Ideiak garbi dituela. Badaki zer nahi duen, eta nola lortu daitekeen. Hori transmititzen badaki guri, bere lana egiteko moduagatik.

 

Galdetu gabe ere agerikoa da zuen bion arteko harremana ona dela, eta hori erabakigarria dela gauzak ondo joateko, ezta?

Dudarik gabe. Emaitzak hor daude, momentuz asmatzen ari gara.

 

Aurrez aurre ezagutzen ez zaituenarentzat, ohiko arraunlariarekin alderatuta nahiko mutil txikia zarela esango dugu, 1,76 luzean eta 60 kilo. Nola gobernatzen duzu hain koadrila indartsua, erraza egin al zaizu? Errespetatzen al zaituzte?

Nik ere galdera bera egiten diot nire buruari. Ni 16 urterekin hasi nintzen Zarauzko Enbata-n, eta ontzian beterano asko zegoen, 30 urtetik gorako jendea. Kasu egiten zidaten, errietak jaso ere bai… Gauzak ondo egiten zirelako, edo jenioa neukalako egingo zidaten kasu, ez dakit.

 

Nolako patroia da Gorka Aranberri?

Ez dakit. Besterik ez dut egin, arraunlari izateko eskasa nintzelako. Urteek erakusten dizute asko. Mendik asko erakutsi dit (Jose Ramon Mendizabal, Zarauzko entrenatzaile ohia), eta Enriquek ere bai (Enrique Lopez, Zarauzko prestatzaile ohia). Presioak gauzak ondo egiten saiatzen laguntzen dizu. Jendea nirekin gustura dabilela dirudi, eta horrek lanean jarraitzeko motibazioa ematen dit. Motibatzeko gutxi behar dut, baina niretzat faktore garrantzitsua da. Nire gaitasunean fede handia dut, eta horrek asko laguntzen du.

 

Pasa den denboraldian 17 estropadetan patroi. Bermeon badute fedea zurekin. Jende askok dio ligako patroi onenetakoa zarela. Halakorik sumatzen al duzu?

Baliteke nik patroi izateko modua gustukoa izatea, atsegina begietara, ez dakit. Inoiz ez dut pentsatu zerbait espeziala, berezia dudanik, eta pentsatzea ere onegia ez, oinak lurrean eduki behar baitira. Puztea ez da komeni. Oraindik zer hobetu asko daukat.

 

Zer?

Arraunlariak zuzentzeko modua. Entrenatzailea da arraunlariarekin hitz egin, eta ondo zer, eta gaizki zer egiten duen esaten duena, eta niri agian hori falta zait, komunikazio sakonagoa arraunlariekin. Motibatzerakoan eta, inor ez zait kexatu, baina ondo ari naizenik ere ez. Patroi jardunean ondo nabilela esan izan didate.

 

Zer moduz Bartzelonan? Han zelako urduri, nola joan zen ikusita gustura?

Garaipena lortuta, bueltako bidaia oso gozoa izan zen. Dena ondo atera zen, eta Bermeoko zale asko zegoen. Ni neu Bordelen egin nintzen, eta bistan da antolatzaileek han egin ziren akatsetatik ikasi zutela. Han gertatutakoa irakasbide ona izan da, eta dena ondo joan da: ostatua, entrenatzeko aukera, estropada eremua, giroa…

 

Urdaibai Umpro Avia ez zen San Miguel Liga irabazteko hautagaia Bartzelonako estropada jokatu aurretik, Kaiku Ambilamp eta Hondarribia Orsa zuen gainetik azaltzen ziren. Orain ere bai?

Orain ere bai. Gu liga irabazteko hautagaiak gara. Lehen estropada arriskutsua izaten da beti, baina bai Kaiku, eta bai Hondarribia, airoso atera direla esango nuke. Orain bi asteko atsedena dago, eta bi aste luze izango dira. Benetako Liga Laredon hasiko dela esango nuke.

 

Luze egingo al zaizu itxaronaldia?

Bai, ziur.

Itzuli