Albisteak 2012

LEHIAKETA

06 Uzt 2012

AURTEN BAI?

AURTEN BAI?

Euskotren Ligako analisia: Arritxu Iribar, Euskadi Irratiko esataria

Gizonezkoen ligaren ondoren heldu zen emakumezkoena, eta eskarmentua izan arren, ia-ia esan daiteke haietan egindako hutsegiteak hauetan ere ikusi genituela. Zergatik? Nola da posible? Bai. Sinesgaitza bada ere, esango nuke ez zela emakumeen traineruen gaia serio hartu. Emakumeen ahaleginak berak behartu ditu arduradunak, eurek ematen dutenaren ordaina jasotzera, eta esango nuke aurten aurreko edizioetan baino itxura hobea duela EuskoTren ligak. Kupoak, edo lurraldetasun ordezkaritza behingoz ahaztu eta onenek arraun egingo dute EuskoTren ligan (bazen ordua!).

Getaria-Tolosa kenduta, besteek leihatu egin beharko dute dauden hiru hutsuneak betetzeko, eta ez da erraza izango.  Orain arteko estropadak eta joan den igandean Orion ikusitakoaren arabera inor gutxi ausartuko da zein hiru ontzi sailkatuko diren esatera… Zumaia, San Juan, Orio…Eta galiziarrak? Eta orduan zein kendu? Aurreko igandekoak iragarpen guztiak hankaz gora jarri ditu. Benetan ikusmina dut larunbateko eta igandeko estropadetarako. Estropada eremuak oso ezberdinak izan arren, antzeko baldintzetan egingo dute guztiek arraun, baina erakutsi beharko dute ikasi dutela indarra eta teknika uztartzen.

Deigarria egiten zait, emakumeen ontzietan koadrilak  osatzeko larri bat baino gehiago dabilela ikustea, eta 16-17 urteko neska gazteak tostetan ikustea.  Bestelakoan zer pentsatua ere ematen dit Gipuzkoan  emakumeen artean kirol hau nola indartu den ikusteak, eta beste lurraldeetan ez; aurten Bizkaian ez da ontzirik uretaratuko, Kantabrian galdu zen, Asturiasen inoiz ez da izan, eta Galizian, selekzioarekin segitzen dute baina ez da Gipuzkoako  garapena eman. Zergatik?

Liga hastera doa, eta uste dut, aurten baietz, aurten orain arteko leihaketarik onena ikusiko dugula;  emakumeek beti bezala dena emango dute  eta  erakutsiko duten maila inoiz baino hobea izango da, baina aurten inguruko beste guztiek ere eurekiko errespetuz jokatuko dute, beste jarrera bat eta arreta bat ikusten dut eurekiko aurten. Ea hala den. Aurten bai!

Itzuli