Albisteak 2017

LEHIAKETA

13 Abu 2017

Asteburu borobila Urdaibai Aviarentzat

Asteburu borobila Urdaibai Aviarentzat

XXXIII. Ondarroako Bandera – Cikautxo Sari Nagusiarekin, ‘txo’k asteburu honetako garaipen bikoitza eskuratu du 

Atzoko Hondarribiko estropadako emozioa, gaur, Ondarroara lekualdatu da. Azkenengo metroek erabaki dute Urdaibai Aviaren garaipena. ‘Ama Guadalupekoa’ren aurretik egin du, eta honekin, denboraldeko bosgarren bandera lortu dute. Gaurko garaipenarekin, Eusko Label Ligako sailkapen orokorrean, bigarren sailkatuari bost puntuko abantaila ateratzea lortu dute. Bestalde, Patroirik Hoberenaren CaixaBank garaikurrean, Ioseba Amunarrizek jarraitzen du buru.

Gaurko XXXIII. Ondarroako Bandera – Cikautxo Sari Nagusiko ohorezko txandan, atzoko gauza bera errepikatu da; sailkapeneko lehenengo bi postuetan dauden traineruen artean, estropadako garaipena eskuratzeko borroka itzela izan da. Azkenean, 19’55”12rekin eta Mikel Orbañanosen tripulazioarekiko 3”06ko abantailarekin, Urdaibai Aviak lortu du bandera. Orio Babyautok, 20’07”98rekin, hirugarren amaitu du. Hala ere, gaur ez bere eguna izan, kanpoko balizetako batean trabatzearen ondorioz, denbora asko galdu baitu. Irabazleengandik 20”60ra eta ohorezko txanda itxiz, bosgarren postuan, Kaiku Producha geratu da.

Beste behin, ohorezko txandako traineruei erreferentzia ezarri diena, 20’13”ko denbora eginez, Zierbena Bahías de Bizkaia izan da. Nahiz eta bigarren txandan lehiatu, sailkapeneko laugarren postua eskuratu du. 20’20”52rekin, San Juan Sumelec izan da seigarren, eta etxeko traineruak, Ondarroa Cikautxok, ‘Bou Bizkaia’rengandik 37”52ra, bederatzigarren postuan amaitu du. Bigarren txanda hau, hamaikagarren postuan eta 20’39”32rekin, Tirán Perirak itxi du.

Gaurkoan, San Pedrok, 20’26”38rekin eta zazpigarren postua eskuratuz, oso puntu baliotsuak eskuratu ditu. Aresek, aldiz, atzoko jardunaldi txarraren ondoren, burua altxatzea lortu du. ‘Libia’rengandik 3”32ra, zortzigarren lekuan geratu da. Cabok, bere txandan hirugarren eginez eta kronometroa 20’35”42tan geldituz, hamargarren egin du. Azkenik, Urdaibai Aviarengandik 1’15”50era, Astillerok itxi du gaurko sailkapena.

Zarauzko jardunaldi bikoitzaren txanda

Datorren asteburuan, Eusko Label Ligara, klasikoa den XL. Zarauzko Estropadaken jardunaldi bikoitza itzuliko da. Bestalde, zarauzko uretan jokatuko dira Liga Euskotreneko azken bi jardunaldiak ere: larunbatean, 18.00etan hasita; igandean, berriz, 12.00etatik aurrera. Estropada hauek, CaixaBank Koroa lortzeko borrokan, denboraldi honetan, gipuzkoako uretan jokatuko diren azken bi jardunaldiak izango dira.

Itzuli