Albisteak 2012

ELKARRIZKETAK

24 Abu 2012

"14 ESTROPADA JOKATU DIRA DAGOENEKO. BAKOITZEA MEREZI DUEN TOKIAN DAGO"

"14 ESTROPADA JOKATU DIRA DAGOENEKO. BAKOITZEA MEREZI DUEN TOKIAN DAGO"

José Antonio Cuero, Castroko entrenatzailea

Jose Antonio Cuero konforme dago orain arte egindako lanarekin. Sailkapenak gezurrik ez duela esaten uste du, eta plantilla luze baten faltak dagokien tokian kokatu dituela. 11. postua hogeita lau puntura ikusten du, beldurrik gabe, baina sobera lasaitu gabe: “Atzetik datozen guztiek estutzen dute”.

 

Denboraldiko bi heren bete direnean, Castro 7. postuan dago, 46 punturekin. Zein da zure balantzea?

Ez da txarra. Talde berri bat egin behar izan da, bloke berri bat sortu, eta San Miguel Liga lehiakorragoa da. Negua gogorra izan da, eta lehiaketak erakutsi du ez garela hirugarren, Moañan gertatu bezala, ezta 10. ere, Pasai Donibanen bezala. Zazpigarren gara, eta bi heren pasa eta gero hori da dagoena. Aurrerantzean horixe izango da gure helburua, postu horri eustea, goikoekiko zuloa egina baitago dagoeneko.

 

Denboraldia hasi aurreko aurreikuspenak bete al dira?

Ez genuen kalkulurik egin. Ez genuen ezer ontzat ematen, baina bagenekien goian ibiltzea zaila izango zela, ez daukagulako talde luzea. Ondo ibili garela esango nuke, eta 7. bagaude, hori merezi dugulako da.

 

San Miguel Liga bi taldetan hautsi da. Hori ona al da?

Hori da lehiaketak utzi duena, eta pasa bada, goiko seiak beheko seiak baino indar handiagoa dutelako gertatu da. Estropada jakin batean, beheko seietako batek goiko seietako bat mendera dezake, baina hau liga bat da, eta erregulartasunak agintzen du. 14 estropada pasa eta gero, zerbaitegatik zaude, zauden tokian.

 

Eta, bigarren talde horretan, lasai al zaudete, edo apur bat urduri? Hemen denek estutzen dute…

Inork ez du oparirik egiten. Beherago daudenek bertatik ihes egin nahi dute, eta goraxeago gaudenok gure postuari eutsi. Urduri ez gaude, badakigu gure lana eginez gero eutsiko diogula. 24 puntuko tartea dugu 11. postuarekiko. Ez da lasai egoteko moduko errenta, baina ezta larrituta ere. Gure gaitasunean fedea dugu.

 

Borroka estua izango da, nork libratu 11. postu hori, ezta?

Ziur. Orain aste batzuk Zumaiak bi estropada on egin zituen asteburu berean, baina asteburu honetan Pedreñak edo Astillerok egin ditzakete, oso talde onak dituztelako.

 

Zer moduz daramazue Castron onenak baino koska bat beherago egotea, arrakasta dastatu ostean?

Bi urte segidan Conchatik kanpo egoteak dakarren inertzia da. Herriko jendeak badaki ez dagoela bi urte atzera zegoen sosik, eta ahal duguna egiten ari garela ikusten du. Urte batzuk atzera lortutakoa baloratu behar da, tituluak garesti baitaude. Egun, baldintza ekonomikoak aldatu egin dira, eta moldatu beste erremediorik ez duzu.

 

Nola ikusten duzu Kaiku Ambilamp eta Hondarribia Orsaren arteko borroka? Erabakigarria al da Kaikuk lortu duen bost puntuko aldea?

Ez. Polita bai. Hondarribia indartsu dago, lehertu egin dira aurten, eta beti hiru onenen artean sailkatzen dira. Euren urtea dela esango nuke, eta ez dira berehalakoan errendituko.

 

San Miguel Ligak 10 urte beteko ditu aurten. Ze hausnarketa egiten duzu?

Beno, gorabehera asko egon dira. Nik ilusio handiko uneak, eta zeharo atsekabetuta egondako beste batzuk bizi izan ditut. Momentu onak, eta txarrak. Nolabaiteko kontsentsu edo adostasun bat lortu dela esango nuke, non klubek erabaki koherenteak hartzen dituzten. Arraunlariaren figurak babesgabe jarraitzen duela uste dut. Propioak eta ez propioak kontuarekin, bere etorkizuna erabakitzeko askatasunik ez daukala uste dut, historia honetako benetako protagonista arraunlaria izan arren. Arraunlariak iritzi eraginkorrago bat izatea nahi nuke, ez erabakimena klubek bakarrik edukitzea.

Itzuli