ACT TV

ELKARRIZKETAK

05 Uzt 2014

Urdaibai txapeldun Nauta Sanxenxo II Bandeiran

Urdaibai txapeldun Nauta Sanxenxo II Bandeiran

‘Bou Bizkaiak’ 5 segunduko diferentzia lortu du Orio Babyauto San Miguel Ligako liderrarekiko, eta 14koa Hondarribia Orsarekiko

Gaur arratsaldean jokatu da Galiziako uretan Nauta Sanxenxo II Bandeira, San Miguel Ligako 2. Jardunaldiari dagokiona, eta bertan, garaipena Urdaibai Aviarentzat izan da Orio Babyautorekin azkenengo metroetan edukitako lehia gogorraren ondoren. Gainontzeko taldeentzat ezinezkoa izan da ‘Bou Bizkaiak’ lehen txandan lortu duen 20’54”49ko denbora hobetzea. Bigarren tokia Orio Babyautok lortu du, 5 segundoko atzerapenarekin eta hirugarren tokia Hondarribia Orsaren ‘Ama Guadalupekoarentzat’ izan da, 14 segundoko atzerapenarekin sartuz helmugan.

Sanxenxon izan den estropada-eremua egokia izan da egoera txarretara ondo egokitzen dakiten taldeentzat, Bartzelonan gertatu zen bezala. Gaurkoan, estropada aurrera joan ala indar gehiago hartzen ari zen haizea izan da estropada baldintzatu duen faktorea. Egoera honi etekina ateratzen jakin du Urdaibai Aviaren ‘Bou Bizkaiak’, bere txandaren hasieratik txandakideei denbora asko ateraz. Bermeotarren amaierako denbora 20’54”49koa izan da, gerora bandera etxera eramateko balio izan diona. Txanda berdinean, lehengo astean egindako estropada txarraren ondoren, Zierbena Bahias de Bizkaiak 21’36”59ko denbora egin du, bostgarren postua lortuz. San Pedro Ecolmareren ‘Libiak’ bederatzigarren denborarik hoberena egin du, Urdaiba Aviako bizkaitarrengandik 59 segundora iritziz. Hain zuzen ere gipuzkoarrek, estropada hasi aurretik Iñaki Arrietaren lesioarengatik aldaketa egin behar izan dute traineruan. Pedreñak, beste behin arazoak izan ditu estropadan zehar bigarren ziabogan euren proela uretara erori delako gaurkoan eta sailkapenaren atzealdean kokatu dira 22’41”77ko denborarekin.

Bigarren txandan haizeak nagusitasun handiagoa hartu nahi izan du, 25 kilometro orduko abiadurara iritsiz. Egoera honi etekin handiena hartzen jakin duen taldea San Juan Iberdrola izan da, hasiera txar baten ondoren hobetuz joan dena, olatuak ondo hartuz eta bere txanda irabaziz 21’44”82ko denbora markatuz. Cabo lehia gogorrean izan da pasaitarrekin baina azkenean 9 segundoko atzerapenarekin ailegatu da helmugara. Bi traineru hauek zazpigarren eta zortzigarren denborarik hoberenak egin dituzte sailkapen nagusian. Txanda itxi dute Astillero eta Portugalete Eulenek, 22’15”10 eta 22’41”77ko denborekin, hurrenez hurren.

Ohorezko txandan bizi izan dira estropadako emozio handieneko momentuak, Orio Babyauto, Hondarribia Orsa eta Kaiku Ambilampen artean egon den lehia gogorraren ondorioz. Azkenean txandaren garaipena oriotarrentzat izan da, baina ezin izan dute bermeotarren denbora hobetu 5 segundoagatik. Hondarribiaren atzerapena, aldiz, 14 segundokoa izan da Urdaibai Aviarekiko. Kaikuko bizkaitarrek 21’12”68ko denbora egin dute laugarren postua lortzeko eta Tiran Pereira izan da txandako azkena sailkapen nagusiko seigarren denborarik onena eginez.

Bihar Bueun

San Miguel Ligak ez du atsedenik hartzen eta lehiaketa bihar Bueura mugituko da Concello de Bueu Bandera jokoan dagoelarik. Estropada honetarako txandak honakoak izango dira. Lehenengo txandan Pedreña, Portugalete Eulen, Astillero eta San Pedro Ecolmare izango ditugu; bigarrenean Cabo, San Juan Iberdrola, Tiran Pereira eta Zierbena Bahias de Bizkaia egongo dira arraunean; ohorezko txandan aldiz, Kaiku Ambilamp, Hondarribia Orsa, Orio Babyauto eta Urdaibai Avia egongo dira.
 

Itzuli