Albisteak 2019

BEREZIAK

28 Abu 2019

Sari txikia San Pedrorentzat

Sari txikia San Pedrorentzat

Libiak abuztu hasieran San Jose XV.arekiko zuen 4 puntuko desabantaila jan eta zuzenean jaisteari ihes egin dio

San Pedrotarrei Galiziatik etxerako bidea gozoa egingo zitzaien asteburuan lortutakoa eta gero, azken postutik ihes egin eta jaitsiera zuzena saihestea lortu baitute. Hori gutxi ez eta herritarrek txalo artean hartu zituzten arraunlariak San Pedrora iritsitakoan. Arrazoiak bazituzten Mikel Arostegiren mutilek ospatzeko, izan ere, abuztu hasieran traza onik ez zioten hartzen denboraldi amaierako zatiari, Eusko Label Ligako sailkapen nagusian azken postuan baitziren Astillero Repsol Electricidad y Gas lau puntura zutelarik. Gipuzkoarrek, ordea, beraien buruarengan sinetsi eta egoera iraultzea lortu dute. Gauzak horrela, Libiak kanporaketa jokatu beharko du bigarren mailatik gogotsu datozen beste ontziekin batera, Eusko Label Ligan mantendu ahal izateko. Kanporaketa irailaren 14 eta 15ean jokatuko da, Bermeon eta Portugaleten, hurrenez hurren. 

Esan genezake San Pedrotarrek lehen helburua bete dutela: denboraldia azken tokian ez amaitzea. Zenbaiti denboraldi hasieran buruan zituzten zalantzak, usteak eta beldurrak uxatuko zizkioten. Libia ontziko arraunlariek hilabete honetan egin dutena aintzakotzat hartu beharrekoa da, izan ere, Eusko Label Ligako azken ediziora arte talde batek lortu du hamaikagarren lekuan zegoen taldearekiko desabantaila jan eta jaitsiera zuzena saihestea. 

2011ko denboraldira egin beharko dugu salto; bi taldek helburu erabat ezberdinekin hasi zuten sasoi hura. Alde batetik, Orio Babyauto; 2010ean Urdaibai Aviarekin azken jardunaldira arte CaixaBank Koroaren lehian ibili eta gero, denboraldi gogorra bezain iluna izan zen San Nikolas ontziarentzat. Eta bestetik, Camargo; aurreko sasoian Zumaiarekin batera igoera lortu eta gero, talde ezezaguna zen maila gorenean.

Lehiaketako lehen hilabetea burututa eta Zumaiako XXVI. Ikurriña jokatu eta gero, kantabriarrak azken postuan ziren oriotarrengandik bederatzi puntura. Egoera hura ikusita eta denboraldia amaitzeko sei estropada falta zirela kontuan hartuta, mailari eusteko esperantza gutxi zituzten. Baina, bat-batean, Camargo estropadaz estropada emaitza onak lortzen hasi zen, eta txanponaren beste aldean, Orio Babyauto ataka estu batean sartu zen Camargorekiko zuen abantaila galtzeraino. Hala, gipuzkoarrek azken postuan amaitu zuten denboraldia eta zuzenean jaitsi ziren bigarren mailara. ACTko historian kasu bakar hori izan dugu orain arte, 2014an Urdaibai Aviak denboraldia 95 puntuko zigorrarekin hasi eta iraultzea lortu zuenarena alde batera uzten badugu.    

Ez da harritzekoa San Pedrotarrek hilabete honetan lortutakoa garaipen baten moduan ospatu izana. 2011ko sasoian, Camargok azken postua saihestu zuen arren, iraileko kanporaketan ez zuen mailari eustea lortu. Kasu honetan, San Pedro egoera horren jakitun bada, eta arraunlariek jakin badakite galtzak bete lan izango dutela datorren urtean ere Eusko Label Ligan aritzeko. Ikusteko dago San Pedro denboraldiko azken hilabetean egoera irauli eta maila gorenari eutsiko dion lehen taldea bilakatzen den. 

 

Itzuli