ACT TV 2019

ELKARRIZKETAK

30 Uzt 2019

Lehia bizia behealdeko postuetan

Lehia bizia behealdeko postuetan

Urko Kortajarenak, Miguel Angel Ruizek eta Osertz Aldayek denboraldiko lehen zatiko balorazioaren laburpena egin dute
 

Denboraldi erdira iritsi da eta lehiaketaren geldialdia aprobetxatuz, Espainiako txapelketa dela eta, Eusko Label Ligako taldeetako arraunlari zein entrenatzaileren iritziak jasoko ditugu orain arte egin dutenari buruz.

Borroka bizian dauden eta denboraldiko bigarren zati honetan hortzak estutu behar dituzten hiru arraun elkarteekin hasiko gara. Hiru talde horiek, momentuz, txanda apalenean aritzen direnak dira, eta orain arteko estropadetan elkarren artean lehia estua izan dute, azken eta azken aurreko postutik ihesteko. 

San Pedro da Eusko Label Ligako hamabigarren postuan sailkatua dagoen taldea 23 punturekin. Azken estropadetan lehen txandako aurkariak “Libia” ontzia baino gehiago izan dira eta azken postutik hanka egiteko zerbait egin beharra dauka. Urko Kortajarena San Pedroko arraunlariak aitortu du denboraldiko lehen zatia “gogorra” egin zaiela nahiko sufritu dutela. Halere, Kortajarenaren ustez, ez dute zorte handirik izan kaleetan eta egoera horrek eragina izan duela dio. 

XXIX. Orioko Estropadak – VII. Orio Kanpina Banderan egin zuten estropadarekin zapore gozoarekin geratu zirela azaldu du arraunlari pasaitarrak. Estropada hartan, “Libia” ontziak hamargarren postua eskuratu zuen. Bestalde, Kortajarenak nabarmendu du izan dituzten emaitzengatik psikologikoki eragina duela taldearengan, arraunean “gustura” dabiltzan arren. “Baldintzak aurka dituzun arren, arraunean jarraitu behar dugu”.  

Egoera ezberdina bizitzen ari dena Astillero Repsol Electricidad y Gas da. Talde kantabriarra hamaikarren lekuan dago kokatua 27 punturekin. Miguel Angel Ruiz “San Jose XV.a” ontziko entrenatzailearen ustez, denboraldia “gaizki” hasi zuten. Halere, estropadaz estropada hobetzen joan direla dio Ruizen: “Pixkana-pixkanaka arraunketa hartzen joan gara eta emaitzetan ikusten da hori”. Astilleroko entrenatzaileak garbi du zein den denboraldiko bigarren zatian bete behar duten helburua: azken postutik urrundu eta Lekittarra Elecnorri aurre hartzen saiatu, playoffak saihesteko. Kantabriarrek promozioko estropada jokatu behar balute, Ruizek dio “dena” ematera joango direla datorren urtean ere Eusko Label Ligan egoteko. 

Lekittarra Elecnor da hamargarren postuan kokatua dagoena 30 punturekin. Lekeitioko taldea iaz igo zen Eusko Label Ligara eta denboraldiko hasierako zati honetan denboraldiaurrean jarritako helburuak betetzen joan direla dio Osertz Alday “Lekittarra” ontziko entrenatzaileak. Halere, bizkaitarrak ohartu dira atzetik dituzten taldeekiko zuten distantzia laburtzen ari dela. Aldayek garbi dio hasieran espero zuten lekuan daudela, alegia, lehen txandan. Entrenatzaile hondarribiarraren ustez, jaitsierako postuetako lehian dabiltzan taldeen arteko lehia oso handia eta berdintsua da. “Egun batean talde batek irabazten du, eta beste egunean, berriz, besteak”. 

Bestalde, Aldayek badaki estropadak itsasoan jokatzen direnean hobeto moldatzen direla. “Itsasoan beste taldeei tartea handitzeko aukera izaten dugu”. Eta hori hala da, izan ere, “Lekittarrak” itsasoan hiru aldiz jarraian jokatu diren estropadetan bederatzigarren postuan birritan geratu dira, eta zortzigarren postuan behin; III. Cidade da Coruña Bandera, XII. Donostiarra Kaiarriba Bandera - Amenabar, eta VII CaixaBank Bandera, hurrenez hurren. Talde bizkaitarra azken postutik kanpo dagoen arren, Aldayek garbi dio mailari eusteko “hobetu” egin behar dutela eta oraindik ez dagoela dena erabakita: “Estropada asko geratzen dira eta puntu asko daude jokoan”. 
 

Itzuli