ACT TV

ELKARRIZKETAK

13 Uzt 2014

Kaiku Ambilampek eraman du Eusko Label III. Bandera

Kaiku Ambilampek eraman du Eusko Label III. Bandera

San Juan Iberdrolarentzat izan da emakumezkoen bandera eta Samertolameu, Hibaika Jamones Ancin eta Zumaiarekin batera izango da arraunean aurtengo Euskotren Ligan

Gaur goizean Donostiako badian jokatu den San Miguel Ligako estropada denboraldiko jardunaldirik zirraragarrienetako bat izan da. Dezima bat baina zertxobait gehiago izan da Kaiku Ambilamp, Eusko Label III. Banderaren garailea, eta Hondarribia Orsaren arteko aldea helmugan. Azkenean, hondarribiarrak bigarren postuarekin konformatu behar izan dira nahiz eta euren txandan garaile izan diren. San Miguel Ligan emozioa egon bada, Euskotren Ligan ere ez da falta izan. San Juan Iberdrolak garaipena lortu du, baina bizi izan den lehietan handiena Orio Babyauto eta Samertolameuren artekoa izan da Euskotren Ligan sartzeko azkeneko postuarengatik, azkenik galiziarrek lortu dute aurten Zumaia, San Juan Iberdrola eta Hibaika Jamones Ancinekin Euskotren Ligan arraun egiteko eskubidea.

Donostiako badia, Aquariuma eta Paseo Berri inguruan gaur goizean eguraldi paregabearekin igaro da jardunaldia. Lehenbiziko txandan, Kaiku Ambilamp bezalako ohiko ez den traineru bat izan da arraunean. Baina laster, ‘Bizkaitarra’ trainerukoak atzoko jardunaldiko gustu txarra atzean utzi dute eta txandako lehen postua lortu dute, helmugako balizak 19’49”14ko denborarekin igaroz, gerora Eusko Label III Bandera etxera eramateko balio izan diena. Portugalete Euleneko ‘Jarrilleroak’ izan dira estropadako hirugarren postuan 10 segundora, San Juan Iberdrolarekin izan duten lehia estuaren ondoren. San Juan Iberdrolako gipuzkoarrak seigarren postua lortu dute, irabazleekiko 18 segundoko atzerapenarekin. Txanda honetan ere izan da Pedreña, berriz ere sailkapena itxiz.

Bigarren txandan ere berdintasuna izan da ezaugarri nagusia, eta bertan Tiran Pereira eta San Pedro Ecolmare izan dira txandaren aurrea txandatzen ibili direnak. Azken luzean galiziarrek euren aurpegirik onena eman dute zazpigarren postua lortzeko, eta hiru segundoko aldea atera diote azkenean zortzigarren postua lortu duten ‘Libiako’ sanpedrotarrei helmugan. Zierbena Bahias de Bizkaiak 39 segundoko atzerapena izan du Kaikuko bizkaitarrekiko, azkenik bederatzigarren sailkatzeko, eta euren patroia den Vicente Carpinterok la Caixa Patroi Hoberenaren Ikurraren sailkapenean lehenengo postuan jarraitzen du. Astillerok itxi du txanda hamaikagarren postua lortuz.

Ohorezko txandan bizi izan da gaurko lehiarik gogorrena Hondarribia Orsa eta jadanik euren txanda amaitua zeukan Kaiku Ambilampen artean. Momentu oro Hondarribia Orsako patroi den Ioseba Amunarrizi denbora tarteen informazioa ematen ari zitzaizkion, baina azkenean ‘Ama Guadalupekoak’ ezin izan dute bukaera borobildu bigarren bandera irabaziz, dezima bateko aldearengatik. Lehian ibili diren beste bi traineru Urdaiba Avia eta Orio Babyautokoak izan dira, azkenik bizkaitarren alde joan den lehia hirugarren izateko estropadako sailkapenean. Oriotarrak izan dira laugarren eta Cabok itxi du ohorezko txanda 46 segundora, hamargarren postua lortuz.

San Juan Iberdrola emakumezkoetan

Euskotren Ligari dagokionez, San Juan Iberdrolako arraunlarientzat gaur lortutako emaitzak sari bikoitza ekarri die. Alde batetik, Eusko Label III Bandera etxera eraman dute eta bestetik, aurten EuskoTren Ligan parte hartzeko postua lortu dute. Hibaika Jamones Ancin izan da bigarren zazpi segundoko atzerapenarekin eta Zumaia sartu da hirugarren postuan 13 segundora. Samertolameu izan da laugarren,  Euskotren Ligarako azkeneko postua lortuz. Orio Babyauto izan da bostgarren eta beraz ezin izan da sailkatu galiziarrengandik bost segundotara ailegatuz. Bestalde, Cabo, Getaria-Zarautz eta Santoña Grupo Tanetek itxi dute estropada.

Datorren aste bukaeran San Miguel Liga eta Euskotren liga Pasaia eta Orion izango dira la Caixa II Bandera eta XXIV Orioko Estropadak – Orio Kanpina II Bandera jokatzeko.

Itzuli