Albisteak 2019

BEREZIAK

29 Uzt 2019

Irabazleen abanikoa zabala da

Irabazleen abanikoa zabala da

Bost ontzi ezberdinek banderaren bat eskuratu dute aurtengo Eusko Label Ligan

Eusko Label Ligako denboraldi erdia bete denean, garbi ondoriozta daiteke trapuren bat etxera eramateko gresti dagoela, azken urteetan baino hautagai gehiago baitaude banderaren lehian. Hala, orain arte denboraldiko estropada bakoitzak bere xarma izan du, eta lehia bakoitzean ikuskizuna izan da protagonista. 

Gaur gaurkoz, 12 jardunaldi jokatu dira eta dagoeneko bost taldek eraman dute banderaren bat etxera, nahiz eta ontzi batzuek besteak baino garaipen gehiago eskuratu dituzten. Orio Babyauto Eusko Label Ligako egungo liderra dago garaipeneko zerrendaren lehen postuan: "San Nikolas" ontzia X. Bilboko Bandera, XXXVI Petronor Bandera-Zierbena, III. Bandeira Cidade da Coruña (1. jardunaldia eta bandera), XII. Donostiarra Kaiarriba Bandera-Amenabar eta joan den larunbatean jokatu zen Santurtziko XL. Ikurriñaren jabe egin da. Guztira, beraz, oriotarrek bost trapu eraman dituzte etxera. Garaipeneko zerrendaren bigarren lekuan Go fit Hondarribia dago kokatua. "Ama Guadalupekoak" orain arte, hiru garaipen eskuratu ditu guztira: Repsol Electricidad y Gas Bandera, III. Cidade da Coruña Bandera (2. jardunaldia) eta Orioko XXIX. Estropadak – VII. Orio Kanpina Bandera. Santurtzi Iberdrolak, berriz, bere historiako Eusko Label Ligako lehen bandera, hots, XXXIV. El Correo Ikurriña – BBK Sari Nagusia, lortu zuen, eta baita bigarrena ere: uztailaren 21ean jokatu zen XVIII. Sestaoko Bandera. Zierbena Bahias de Bizkaiak ere poltsikoratu du banderaren bat. "Galipoek" Castron jokatu zen VII. CaixaBank Banderan nagusitu ziren, eta hala, azken hiru denboralditan talde bizkaitarrak hiru trapu eraman ditu etxera.

Atzo, ordea, beste talde bat gehitu zen garaipeen zerrenda horretara: Donostiarra. Igor Makazagaren mutilek estropada biribila egin zute bigarren txandatik, eta hala, ohorezko txandako oilarrek ezin izan zuten Torrekua II.ak egindako denbora hobetu. Modu horretara, gipuzkoarrek Getxoko Estropaden XLI. Ikurriña – J.A. Agirre Lehendakariaren XV. Omenaldia irabazi zuten, eta hala, Donostiarrak bere historian Eusko Label Ligan lortu duten lehen bandera izan zen Getxokoa. Talde gipuzkoarreko arraunlariek, ordezkariek eta zaleek 2019ko uztailaren 28a (estropada irabazi zuten eguna), gorriz markatua izango dute jada beraien egutegietan.

Halere, azpimarratu behar da aurtengo denboraldiko garaipenen zerrenda ez dela Eusko Label Ligako historian orain arte dagoen luzeena. 2010ean, zazpi ontziek (Astillero Repsol Electricidad y Gas, Castreña, GO fit Hondarribia, Orio Babyauto, Pedreña, San Juan y Urdaibai Avia) Eusko Label Ligako estropada batean garaipen bat eskuratu zuten. Bestalde, aurtengo garaipenen zerrenda berdindu duten denboraldiak ere badaude, hain zuzen, 2003koa, 2006koa, 2007koa, 2013koa, 2017koa eta 2018koa. 

Aitzitik, aurtengo denboraldia amaitzeko 8 jardunaldi zirraragarri falta dira, eta batek daki beste talderen bat sartuko den aurtengo garaipenen zerrendara. Ez da ahaztu behar Urdaibai Avia iazko sasoiko txapeldunak eta aurreko Eusko Label Ligan 16 estropadetatik 13tan nagusitu zen taldeak ez duela oraindik banderarik etxera eraman. Joseba Fernandezen taldea garaileen tropelera batzeko gai izango da? Laster jakingo dugu.

Itzuli