ACT TV 2019

22 Eka 2019

Bilboko ibaia horiz jantzi da

Bilboko ibaia horiz jantzi da

Orio Babyautok irabazi du X. Bilboko Bandera eta Eusko Label Ligako lider berria da

Orioko San Nikolas ontzia nagusitasunez gailendu da 2019ko Eusko Label Ligako lehen estropadan, eta hala, liderraren elastikoa jantzi dute. Jon Salsamendiren mutilek garaipen baliotsua eskuratu dute erlojuaren aurkako estropadan, 19'31"22 denbora eginda. Gauzak horrela, 12 segundo sartu dizkio Santrutzi Iberdrola bigarren sailkatuari, eta hala, lehen 12 puntuak oriotarrek lortu dituzte. Bestalde, Eneko Bilbao Urdaibai Aviako patroiak jantzi du CaixaBank Patroi Onenaren maillota, lehen hiru puntuak lortu baititu.

Lehen paladatik aurreneko postuan jarri da OrioBabyauto eta horrela, amaiera arte iraun du "San Nikolas" ontziak. Juan Zunzunegiren mutilak, berriz, Oriorekiko 13 segundotara geratu dira eta sailkapen nagusian hirugarren postuan amaitu dute. Go fit Hondarribiak, berriz, bizkaitarrak oso estu hartu ditu, baina azkenean, laugarren postuan amaitu dute, Zierbenarekiko 20 ehunenekoetara besterik ez. Bestalde, Urdaibai Avia "Ama Guadalupekoa" ontziarekiko segundo eskasera geratu da.

Santurtzi Iberdrolaren lana aintzakotzat hartu beharrekoa izan da, Iker Zabalaren mutilek bigarren postuan amaitu baitute ohorezko txandako hiru oilarrei aurrea hartuta. Txanda horretan bizkaitarrak nagusi izan dira, baina lehen bi luzeetan gauzak oso berdinduta joan dira. Donostiarrak azken ziabogara arte ez du amore eman, baina azkenean, 11 segundo galdu ditu Santurtzi Iberdrolarekiko. Ondarroa Cikautxok, berriz, 8 segundo galdu ditu "Bantxa" ontziarekiko, eta Cabok, aldiz, minutu erdi galdu du txandako lehen postuarekiko.

Eusko Label Ligan maila gorenera igo berri diren Astillero Electricidad y Gas-ek eta Lekittarra Elecnorrek eman diote hasiera lehen txandari. Kaiku izan da txandako azkarrena 20'10"64ko denborarekin, eta hala, Cabori aurre hartu eta zortzigarren postuan amaitu du. Lekittarra Elecnor 20'22"62ko denborarekin hamargarren postuan geratu da, San Pedrorekiko 48 ehuneneko azkarrago. Azken postuan, aldiz, kantabriarrak geratu da bere itzulerako lehen estropadan.

Bestalde, igandean, XXXVI. Petronor Bandera - Zierbena jokatuko da, 12:00etatik aurrera, eta kasu horretan txandak gaurko estropadako emaitzaren arabera osatuko dira. Datu historikoei erreparatuz gero, iaz, Go fit Hondarribia gailendu zen. Gainera, estropada eremu horretako errekorra Urdaibai Aviak du; 2014an 19'24"42ko denbora egin zuen. 

Itzuli