Albisteak 2020

BEREZIAK

16 Ira 2020

Bermeok azken asteburua irekiko du

Bermeok azken asteburua irekiko du

Larunbatean Bermeo Hiriko XXXVIII. Ikurriña – Avia Sari Nagusia eta igoera playoffetako lehen jardunaldia lehiatuko dira

Ondo sartuta gaude irailean, Kontxako Bandera lehiatu da jada eta arraun denboraldia amaitzear dago. Bi jardunaldi besterik ez dira geratzen, baina oraindik gauza asko daude erabakitzeko. Azken asteburu honetako lehen erasoaldia Bermeo Hiriko XXXVIII. Ikurriña – Avia Sari Nagusiarekin izango dugu larunbatean Bermeon.

Jardunaldia hasteko, 18: 20tik aurrera, Euskotren Ligako eta Eusko Label Ligako igoera playoffetako lehen jardunaldia izango da jokoan. Hibaika Jamones Ancín, Tolosaldea Arraun Kluba, Cabo eta Hondarribia Bertako Igogailuak lehiatuko dira erlojuaren kontra, bi luze eta ziaboga batekin itsas milia eta erdiko (2.778 metro) distantzia betez. Jarraian, Eusko Label Ligako playoffaren txanda izango da: SDR Pedreña Grupo Dynasol, Sanpedrotarra A.E., Samertolameu Oversea, Tiran Pereira eta Zarautz Babyauto arituko dira promozioko bi jardunaldietako lehenengoan, datorren urterako arraunaren maila nagusian bi postuen bila, erlojupeko formatuan, hiru itsas milia (5.556 metro) eta lau luzerekin.

Playoff estropaden ondoren, denboraldiko azkenaurreko bandera jokatuko da, eta bertan, Eusko Label Ligako lehenengo zortzi sailkatuak ikurrina ospetsu honengatik lehiatuko dira. Bi txandak sailkapen nagusiaren arabera banatuta egongo dira, beraz, lehenengoan Lekittarra Elecnor, Cabo, Donostiarra Amenabar eta Zierbena Bahias de Bizkaia izango dira; eta ohorezko txandan Bermeo Urdaibai Avia, Orio Arraunketa Elkartea, go fit Hondarribia eta Santurtzi Transportes eta Grúas Aguado izango ditugu.

Gaur goizean aurkeztu da larunbateko estropada hau Bermeoko Arrantzaleen Museoan eta bertan, Aritz Abaroa Bermeoko alkateak adierazi du: “aurten Bermeo Hiriko ikurrinaren estropada modu desberdinean hartuko dugu: jai girorik gabe eta gure herriko kaleak betetzen zituzten zale koloretsurik gabe. Pilaketa barik, baina intentsitate berdinez gozatuko dugu primerako lehia honetaz, jakin badakigulako aurten egiten dugun ahaleginak etorkizuna ez baldintzatzeko mereziko duela”.

Horretarako Abaroak gogorarazi du: “Irailaren 19an, estropada egunean, 15:00etatik aurrera, ibilgailu eta oinezkoen pasabidea debekatu egingo da ‘Frantxua’-tik aurrera, ‘Rompeolas’-ean eta kaian”.

Itzuli