ACT TV 2019

ELKARRIZKETAK

01 Abu 2019

Arnasa hartuz eta gozatuz

Arnasa hartuz eta gozatuz

Cristofer Gonzalek, Iñigo Larrinagak eta Iago Davilak denboraldiko lehen zati honetan izan dituzten sentsasioez hitz egin dute
 

Atzo, jaitsierako postuetan dabiltzan taldeen iritziak jaso eta gero, gaurkoan, hobetzen eta gozatzen dabiltzan hiru taldeen iritziak jasoko ditugu, zortzi estropada geratzen direla kontuan hartuta. 

Kaiku neguan egindako lanari esker fruituak jasotzen ari da. Momentu honetan, sailkapeneko bederatzigarren postuan da 57 puntu eskuratuta eta jaitsierarako postuak urrun dituela. Iazko denboraldiarekin alderatuz gero, Bizkaitarra ontziak zerbait hobetu du, aurreko sasoian hamargarren lekuan amaitu baitzuen, eta aurten, 12 estropada jokatu direla kontuan hartuta, ia segurua da iaz eskuratutako puntuak gaindituko dituela Sestaoko taldeak (59). 

Cristofer Gonzalez Kaikuko arraunlariak baieztatu du denboraldi hasieran jarrita zuten helburua jaitsierako postuak saihestea zirela, eta hala gertatzen ari da. Helburu hori betetzen ari direnez, Gonzalezek dio orain arteko mailari eustea eta denboraldi amaierako sasoi onenean iristea izango litzatekeela onena. Arraunlari galiziarrak ez dauka zalantzarik talde bizkaitarrarentzat zein izan den orain arte jokatu duten estropadarik onena: Zierbenan jokatutako XXXVI. Petronor Bandera. “Bizkaitarra” ontziak denboraldiko posturik onena eskuratu zuen Getxoko estropadarekin batera, seigarrena.

Ondarroa Cikautxok hirugarren urtea du jarraian Eusko Label Ligan dabil. Momentuz, “Antiguako Ama” ontziak denboraldi hauetan akats gutxi egin ditu, oso erregular baitabil. Eusko Label Ligan estreinatu zenean, talde bizkaitarrak zortzigarren lekuan amaitu zuen denboraldia, baita 2018an ere. Harritzekoa bada, baina aurtengoan ere sailkapeneko postu berean dago kokatua Ondarroako trainerua. Momentuz, 60 puntu ditu eskuratuta eta Iñigo Larrinaga ontziko patroiaren ustez “gustura” egoteko arrazoiak badituzte. “Antiguako Ama” ondo moldatzen da itsasoan, horregatik, Larrinagarentzat Coruñan jokatu ziren bi estropadak izan dira gehien gozatu dutena. “Estropada horiek oso gogorrak izaten dira eta asko sufritzen duzu”. Denboraldiko bigarren zatia begiz jota dute ondarrutarrek. Orain arte eskuratutako lorpenei jarraipena eman nahi diote datozen estropadetan. “Oraindik estropada erakargarriak geratzen zaizkigu; Ondarroakoa, Hondarribiakoa, Zarautzekoa, Galiziako…”

Caboko gorriak, ezustekorik ezean, seguru dira datorren urtean Eusko Label Ligan egongo direla. Iago Davila Caboko arraunlariak dio hasieran garbi zutela salbazioa lortzea izango zela helburu nagusiena. Horregatik, arraunlari galiziarra oso gustura dago denboraldiko lehen zatian erakutsi duten mailarengatik. Galiziako ontzia, momentuz, sailkapeneko zazpigarren postua dago kokatuta 60 punturekin, Ondarroa Cikautxorekin berdinduta. Davilak gogoan du Lekeition jokatu zen XXXIV. El Correo Bandera-BBK Sari Nagusia, estropada hartan Caboko aurrekalariaren ustez, estropada “oso ona” egin baitzuten. “Sufritzeko eta lehiatzeko gai izan ginen lau luzeetan zehar”. Davila kontziente da sailkapeneko erdialdean daudela. “Gu lehiatzera etortzen gara, eta gero gure aurretik sei talde badaude, gu baino hobeagoak direlako dira. Denoi gustatuko litzaiguke lehen postuan egotea, baina talde bakarra egongo da gorengo lekuan". 
 

Itzuli