CASTREÑA

Historia

Klubaren babesleak
  • Ashland
  • Conservera
  • Ayuntamiento Castro urdiales
  • Evo Bus
  • Gobierno cantabria
  • Elite
  • Hotel restaurante arenillas

1847 urtea zen. Traineru bat iritsi zen Castrora lehen aldiz, "Anduiza" izeneko batek gidatuta. Traineru hark ez zuen zerikusirik arrantzarekin, hasiera batean hala uste bazen ere, Castroko kostaldeko zaintza eta kontrabandoan ibiltzen zirenen jazarpenarekin baizik.

1930tik aurrera egiten da ezaguna Castroko trainerua, eta "la invencible" goitizena hartu. Dionisio Iriberri "Pelucu" zen patroia. Arraun Kirol Elkartea lagun talde batek sortu zuen, eta Juan Carlos Verde izan zen lehen presidentea. 1966ko azaroaren 30an parte hartu zuen lehen aldiz lehiaketa batean Castroko Arraun Elkarteak. "Castreñuco" batelarekin izan zen, Chelin Lazcano patroi lanetan zela.

1974an ontzi berri bat eraiki zen, eta "La Marinera" izena jarri. Castroko AEko zuzendaritzak Ignacio Sarasuari eman zion ontzia antolatu eta gidatzeko ardura. "El Viejo" goitizena zeukan arraun munduko izen mitiko hark. Urte horretan Kantabriako txapelketa eta Generalisimoaren Kopa irabazi ziren, baita beste emaitza on batzuk lortu ere.

1997a arte La Marinera ontzia han eta hemen lehiatzen aritu zen. Emaitzak onak ziren urte batzuetan, ez hain onak beste batzuetan, baina lehiatzen jarraitzen zuen, eta hori da garrantzitsuena. 1998an Vicente Korta hautatu zuten presidente. Zuzendaritzak apustu serioa egitea erabaki zuen, eta Jose Luis Korta kontratatu teknikari jardunerako. Agindua garbia zen: Castro zegokion lekura itzultzea, onenen artera. Kortaren hautuak Castroko herria eta arraun taldea batu zituen.

Jose Luis Kortaren proiektua pausoz pauso garatu zen. Zaleen babesa gero eta handiagoa zen, eta 2001 urtean Castrok hiru txapelketa handiak irabazi zituen: Espainiako Txapelketa, Euskal Liga eta Kontxako Bandera. Beste hainbat bandera ere irabazi zituen Castrok, eta traineru erregularrena izan zen.

2007an Jose Luis Kortak gidatutako aro bikaina bukatu zen, eta Juan Mari Etxaberena hasi. Joseba Fernandez herrikidearekin bikote handia osatuz, talde gorritxoko aginte-makila hartu zuten 2008 eta 2009 denboraldietan. Asko dira bi sasoi horietan irabazitako banderak. Guztien gain, 2009ko San Miguel Liga, Caja Madrid Koroa, eta Astillerok zeukan banderen errekorra hobetu izana. 17 estropada jokatu ziren, eta Castrok 13 irabazi zituen. 2010 urteari begira, Joseba Fernandez izango da Castroko lemazaina.