Albisteak 2018

BEREZIAK

20 Uzt 2018

Ur gipuzkoarreko asteburua

Ur gipuzkoarreko asteburua

Pasaiak eta Orio hartuko dituzte asteburu honetan Eusko Label Liga eta Liga Euskotren

Asteburu ederra Eusko Label Ligak eta Liga Euskotrenek biziko dutena bi jardunaldi bereziekin. Bihar, Pasaian II Bandera Adegi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko II Bandera jokatuko dira arratsaldeko 18:00etatik aurrera, eta igandean Orioko XXVIII. Estropadak - VI. Orio Kanpina Banderaren txanda izango da, 11:45etik aurrera. 

Beraz, ACT Pasaian izango da bihar gizonezkoen II Bander Adegi eta emakumezkoen Gipuzkoako Foru Aldundiko II Bandera jokoan jartzeko. Maniobra asko biziko diren jardunaldia izango da, beraz, ikusleak ontziek egindako lanaz gehiago goza dezake, izan ere, estropada eremua Pasaiako Portu barruan kokatuta dago eta horrek formatu ezberdin batean aritzea behartzen du. Eusko Label Ligako traineruak 6 luze eta 5 ziaboga egin beharko dituzte hiru txandatan banatuta lerro formatuan, eta Liga Euskotrenekoek 3 luze eta bi ziaboga egin beharko dituzte araututako distantzia betetzeko. Helmugako balizak San Pedro aldean izango dira eta kanpokoak San Juan parean. Irteera ordena sailkapen orokorrekoaren alderantzizkoa izango da. Beraz, lehen txandan Tirán Pereira, San Juan Sumelec, Kaiku Producha eta San Pedro lehiatuko dira. Bigarrenean Ondarroa Cikautxo, Donostiarra, Cabo eta Santurtzi Iberdrola. Eta ohorezko txandan Orio Babyauto, Zierbena Bahías de Bizkaia, GO fit Hondarribia eta Urdaibai Avia. Euskotren Ligak irekiko du jardunaldia, GU Arraun, Hondarribia Bertako Igogailuak, Orio Babyauto eta San Juan Iberdrola traineruekin.  

Igandera begira, Oriok estropada eremu berria estreinatuko du XXVIII. Orioko Estropadak - VI. Orio Kanpina Bandera jasotzeko 11:45etik aurrera. Izan ere, 2012tik estropada ibaian jokatu izan da erlojupeko formatuan, baina aurten ontziak itsasora aterako dira berriz ere, lerro formatuan eremu berrian aritzeko ipar mendebaldera orientatuta dagoen itsas eremuan.

Aurreko urteotan herrian ikusitako giro onaz gozatzen jarraitzeko, ACTek Eusko Labeleko Fan Zonea Herriko Plazan antolatu du, bertan geratu nahi dutenek estropada pantalla erraldoian ikus dezaten produktu onenekin eta giro paregabean. 

Gauzak horrela, Eusko Label Ligako sailkapenean Urdaibai Aviak lider jarraitzen duela iritsiko da asteburu honetara 82 punturekin, GO fit Hondarribiak baino zortzi gehiago eta Zierbena Bahias de Bizkaiak baino 14 gehiago. Patroi onenaren CaixaBank mallota San Pedroko Ander Etxegoienek jantziko du beste behin ere, 12 punturekin lider segitzen baitu sailkapenean. Eta azkenik, Euskotren Ligan San Juan Iberdrola garaiezina izan da aurreneko estropadetan eta 6 puntuko aldea dauka Orio Babyautorekin. Zer gertatuko da asteburu honetan?

Itzuli