Albisteak 2018
ELKARRIZKETAK
07 Eka 2018
"Ahal dugun guztia irabazi"
Oraingoan Juan Zunzunegui elkarrizketatu dugu, Zierbena Bahías de Bizkaiako entrenatzailea. Honek, bere denboraldi-aurreari buruz hitz egin digu, bai eta bere taldearen xehetasunei buruz
Oso gutxi falta da 2018ko Eusko Label Ligari Bilboko uretan hasiera emateko. Denboraldi hasiera apur bat gehiago hurbiltzeko elkarrizketa berri bat dakarkizugu, Juan Zunzuneguiri, Zierbena Bahías de Bizkaiako entrenatzaileari eginikoa.
Orain arte burututako denboraldi aurreari buruz hitz egiten hasi da entrenatzailea “oso gustura gabiltza uretan lanean, trainerua oso ondo doa eta orain uda honetarako prestatzen ari gara”. Honi ondorengoa gehitu dio “egia esanda orain arte egindako jetsierak oso ondo joan dira, emaitza onak izan ditugu eta entrenamenduak primeran doaz”.
Badakigu Juan Zunzuneguiren taldeak baduela berezitasun bat, izan ere historiako patroirik gazteena bere taldekoa da eta arraunlari oso gazteak ere baditu “egia esanda iazko urtean, kontuan izanda patroia eta arraunlari asko oso gazteak zirela, oso maila ona eman genuen”. Gainera, ondorengoa gehitu du “aurten gure taldea indartuta dagoela esan dezaket, gure arraunlarien bigarrengo urtea izango da eta honek garrantzi handia du”.
Iazko denboraldia oso positiboa izan zen klub honentzat, Eusko Label Ligako bandera bat eskuratu baitzuten “egia esanda gure ligako lehen bandera eskuratu genuen, gainera historiako patroirik gazteenarekin. Hau oso pozgarria izan zen guretzat”. Aurtengo denboraldiko egutegiari buruz entrenatzaileak dio “egutegia oso zorrotza da eta asko zaindu behar gara estropadetara atseden hartuta joateko”. Bere helburuei buruz badirudi argi duela zein den garrantzitsuena “irabazi, ahal dugun guztia”.
Amaitzeko, bere mutilei buruz dio “oso talde konprometitua da eta ondo dabiltza lanean, batzuetan agian lan gehiegi egiten dugu”, honi ondorengoa gehitu dio “nahiago ditut zaldi basatiak asto zintzoak baino, hauek irabazteko energia hori baitute”.