ACT TV 2018

BEREZIAK

29 Uzt 2018

Urdaibai Avia garaipenaren bidera bueltatu da

Urdaibai Avia garaipenaren bidera bueltatu da Urdaibai Avia garaipenaren bidera bueltatu da

Atzoko estropada txarrak baldintzatu zuen Urdaibai Avia gaurko bigarren txandan aritzera, baina kalte egin baino, mesede egin dio Bou Bizkaiari. Mareak aldatu egin dira lehen txandatik ondorengoenetara eta gero eta gehiago behar izan dute ontziek kanpoko balizetara iristeko. Bermeokoek estropada ikaragarria osatu dute eta eguneko denborarik onena egin dute ohorezko txandaren zain. Ondotik aritutako ontziek ezin izan dute txoek markatutako denbora hobetu eta Santurtziko XXXIX Ikurriña Joseba Fernandezen mutilentzat izan da, Eusko Label Ligako zazpigarren bandera. 

Joaneko luzeko denborak ez dira erreferentzia izan gaurkoan. Ohorezko txandako ontziek denbora asko galtzen zuten gainontzekoekin alderatuta, are gehiago, une batez, estropadako denborarik motelenean izan dira azken txandako 4 ontziak. GO fit Hondarribiak hartu du estropada burua hasieratik, baina erreferentzietatik urruti, itzulerakoan berreskuratzera behartuta egon da. Gertu izan da uneoro Zierbena Bahias de Bizkaia, bigarren ziabogatik aurrera estropada burua hartu du eta ez du amaierara arte utzi. Lan paregabea egin eta ohorezko txanda irabazi arren, bandera ez da galipoentzat izan gaurkoan, bigarren postuan bukatu baituta. Ama Guadalupekoa izan da hirugarren, Cabo 26 ehunenengatik aurreratuta. Txandan hirugarren izan da Orio babyauto eta laugarren Santurtzi Iberdrola, estropadako haimaikagarren denbora eginda. 

Bigarren txanda Urdaibai Aviarentzat izan da. Hauek ere ez dute baleko erreferentziarik izan hasieran, baina bigarren luzetik aurrera denborak txikitzen joan dira eta erlojupekoan balitz bezala, bakarkadean izan da arraunean erlojua 19'35"32n gelditu arte. Txandako bigarren postua Caborentzat izan da 16 segundora iritsi eta gero, hirugarren Donostiarra izan da eta laugarren Ondarroa Cikautxo. Ez du eguna izan Antiguako Amak eta azken postuan amaitu du. 

Lehen txandan ondorengoaren kontrakoa gertatu da. Joaneko luzea errazago egin zaie ontziei, izan ere, lehen luzeko hiru denbora onenak San Pedrok, San Juan Sumelecek eta Kaiku Produchak egin dituzte, lehen txandako protagonistak. Bizkaitarra izan da ontizirik fiableena eta luzez luze txanda irabazi du 19'57"76ko denbora eginda. Bigarren izan da San Pedro 8 segundora, hirugarren Tiran Pereira eta txandako azkena, San Juan Sumelec. 

CaixaBank mailloteko sailkapenean, patroi onenaren hiru puntuak Iñigo Larrinagarentzat izan dira, eta Ander Etxegoienek jarraitzen du lidertzan 12 punturekin. 

Eusko Label Ligako sailkapenean lider da Urdaibai Avia, atzo lau puntu galdu eta gero, gaur bi berreskuratu eta gero. 124 ditu Bou Bizkaiak, 9ra dago Ama Guadalupekoa eta podiuma galipoek betetzen dute 14 puntura. 

10 San Juan Iberdrolarentzat

Garaipen berria erdietsi dute Batelerek, denboraldiko hamargarrena Liga Euskotrenen, gaur VII Bandera Euskotrenen nagusi izan eta gero. Lehen arraunkadatik izan dira lehen postuan arroxak eta aldea handitzen joan dira kanpoko balizan 5 segundokoa izan arte Orio Babyautorekiko. Ez du aukerarik izan Txiki ontziak gaurkoan eta bigarren egin du. San Juan Iberdrolak 10'38"12ko denbora egin du, eta ia 10 segundora iritsi dira horiak. Hirugarren posturako borroka GU Arraunek irabazi du gaur, 46 ehuneneko aldea izan du bakarrik Hondarribia Bertako Igogailuakekin.

Beraz, lidertza sendotu du beste behin ere San Juan Iberdrolak 40 puntu batuta eta partaidetza guztietan irabazi eta gero. 10 puntura dago Orio babyauto, hirugarren da GU Arraun 17rekin eta sialkapena Ama Guadalupekoak ixten du 13rekin. 

Arraunaren gorengo txapelketa bi aste barru bueltatuko da Ondarroa eta Hondarribiko uretan. 

Itzuli