ACT TV 2018

BEREZIAK

19 Abu 2018

Sari hirukoitza San Juan Iberdrolarentzat

Sari hirukoitza San Juan Iberdrolarentzat Sari hirukoitza San Juan Iberdrolarentzat

Batelerek jardunaldia eta Zarauzko X. Ikurriña irabazteaz gain, Euskotren Saria jaso dute bosgarren urtez jarraian

Ikaragarria XLI. Zarauzko Estropaden eta Zarauzko X. Ikurriñan ikusitako bigarren jardunaldia. San Juan Iberdrolak era ezin hobean itxi du denboraldia, gaurko jardunaldia eta jokoan jarritako bandera irabazita. Saria behar bezala astindu eta gero, denboraldi osoaren garaikurra jasotzeko unea heldu zaie, Euskotren Saria zerura altxatu dute Liga Euskotren arroxaz tindatuta. Eusko Label Liga GO fit Hondarribiak egoerari buelta eman dio bandera etxera eramateko Bou Bizkaiak zituen 8 segunduak berreskuratu eta gero. 

Ama Guadalupekoak dena eman du hasiera-hasieratik, 4 segundoko errenta lortu ditu lehen balizan. Itzuleran poparean, berdeek 9 segundoetara handitu dute aldea eta hortik aurrera segundoak gora, segundoak behera izan da erreferentzia azken paladara arte. 19'56"16 izan da hondarribitarrek egindako denbora eta Urdaibai Aviak 11 segundora gurutzatu du helmuga. Bandera berdeentzat izan da. Zierbena Bahias de Bizkaiak 13ra eta Cabok 35era osatu dute ohorezko txanda. 

Baina jardunaldiko irabazlearen 12 puntuak Orio Babyautok eraman ditu. Atzoko jardunaldi kaxkarraren ondoren gaurkoan lan bikaina osatu dute Jon Salsamendiren mutilek eta eguneko denbora onena bete dute 19'51"ko denbora eginda. Bigarren txandatik irabazi dute jardunaldia horiek, Santurtzi Iberdrola, Ondarroa Cikautxo eta Donostiarraren aurretik. 

Lehen txandan San Juan Sumelecek egin du denbora onena 20'40"40. San Pedro 2 segundo motelago izan da eta Kaiku Producha Tiran Pereiraren aurretik helmugaratu da hirugarren postuko borrokan. 

Sailkapen nagusian Urdaibai Avia da lider 166 punturekin, GO fit Hondarribiak baino 9 gehiago eta Zierbena Bahias de Bizkaiak baino 16 gehiago. PlayOfferako bi jardunaldiren faltan, San Juan Sumelecek Tiran Pereirak baino 4 puntu gehiago ditu sailkapenaren beheko aldean. 

San Juan Sumelec, txapeldun

Batelerek denboraldia era ezin hobean amaitu dute. Jardunaldia, bandera eta Euskotren Saria. Arroxek errenta lortu dute estropada hasieratik eta lortutakoa amaiera arte mantendu eta zabaldu dute. 5 segundoko aldea izan dute Orio Babyautorekiko ziabogan, eta helmugan 11 segundokoa izan da aldea. San Juan Iberdrola atzokoan eta gaurkoan izan da garaile eta beraz, Zarauzko X. Ikurriña irabazi du bosgarren urtez jarraian. Bost bandera zarauztar eta bost Euskotren Sari azkeneko bost urteetan Liga Euskotreneko historia tinda arroxaz idazteko. GU Arraun hirugarren izan da 23 segundora eta Hondarribia Bertako Igogailuak itxi du estropada 38 segundora.

Beraz, San Juan Iberdrolak jokoan jarritako 56 puntutik 54rekin bukatu du Liga Euskotren. Bandera guztiak irabazi ditu bakarra izan ezik. Bigarren izan da Orio Babyauto 42rekin, GU Arraun hirugarren 27 punturekin eta Hondarribia Bertako Igogailuakek itxi du sailkapena 17 punturekin. 

Eusko Label Liga datorren astean itzuliko da Moaña eta Boiroko uretan

Itzuli