ACT TV 2019

06 Uzt 2019

Orio Babyautok eman du lehen kolpea Coruñan

Orio Babyautok eman du lehen kolpea Coruñan

"San Nikolas" ontzia nagusitu da III. Cidade da Coruña Banderako lehen jardunaldian

Orio Babyautok aurtengo denboraldiko hirugarren garaipena lortu du, eta hala, III. Cidade da Coruña Bandera eskura dauka estropada bikaina egin eta gero. Jon Salsamendiren mutilek 19’27”78ko denbora egin dute Santurtzi Iberdrolari 4 segundo aterara. Modu horretara, iaz Urdaibai Aviak jarritako errekorra txikitu egin du, 1'01"ean hobetuz. Euskotren Ligari dagokionez, Orio Babyauto nagusitu da 10’56”80ko denbora eginda eta Arraun Lagunaki 5" aterata. Bestalde, Arkaiz Diaz Donostiarrako patroiak lider jarraitzen du CaixaBank Patroi Onenaren sailkapen nagusian. 

"San Nikolas" ontziak hasierako txanpatik estropadako burua hartu du eta luzez luze beste aurkariei aldea atera die. Gauzak horrela, gaurko trainerurik azkarrena izan da 19'27"78ko denbora eginda. Bigarren postuan Santurtzi Iberdrolak amaitu du, oriotarrengandik 4 segundora. Go fit Hondarribia, berriz, hirugarren geratu da 11 segundora, eta Zierbena Bahias de Bizkaiak, aldiz, bosgarren postuan amaitu du irabazlearegandik 16 segundora.

Urdaibai Aviak bere nagusitasuna erakutsi du bigarren txandan, lehen ziabogara arte Donostiarrak hortzak erakutsi dituen arren. Hortik aurrera, bizkaitarrak lehen postuan sendo jarraitu dute eta gaurko estropadan laugarren postuan amaitu dute. Modu horretara, bihar "Bou Bizkaia" ontzia ohorezko txandan lehiatuko da. Torrekuak bigarren postuan amaitu du Urdaibairengandik 10 segundora. Cabo, berriz, 15 segundo galdu ditu, eta Kaikuk, aldiz, bederatzigarren postuan geratu da 42" galduta.

Lehen txandan, Ondarroa Cikautxok hasierako luzetik hankapean izan ditu beste aurkariak eta soseguz irabazi du bere txanda 20’08”64ko denbora eginda. San Pedrori 13" atera dizio, Astillerori 27" eta Lekittarrari, berriz, 35". 

Gauzak horrela, Orio Babyautok jarraitzen du Eusko Label Ligako lider, eta Soteari eta Ama Guadalupekoari bederatzi puntuko aldea ateratzen die. Zierbena Bahias de Bizkaia hirugarren postuan dago oriotarrengandik 12 puntura. CaixaBanko Patroi Onenaren sariari dagokionez, gaurko 3 puntuak Jenaro Zelaia Ondarroa Cikautxoko lemazainak eraman ditu eta Arkaitz Diaz Donostiarrako patroiak jarraitzen du lider eta Iñaki Goikoetxea Lekittarra Elecnorreko lemazainari hiru puntuko aldea ateratzen diola.

Orio Babyauto itzuli da

"Txiki" ontziko neskek joan den igandeko arantza atera dute eta gaurko estropadan hasieratik nagusi izan dira. Ziabogan oriotarrek hiru segundoko aldea ateratzen zioten Arraun Lagunaki. Bigarren luzean aldea zertxobait handitu dute eta amaieran bost segundoko aldea atera diote "Lugañene" ontziari. Beraz, Orioko neskek aukerak dituzte II. Cidade da Coruña Bandera irabazteko. Hirugarren postuan Go fit Hondarribiak amaitu du 22 segundora, eta Donostiarrak, berriz, laugarren bukatu du 33 segundora. 

Bihar Cidade da Coruña Banderako bigarren jardunaldia jokatuko da 11:40tik aurrera eta bertan jakingo da zein taldek eramango duten trapua etxera. 

Itzuli