ACT TV

ELKARRIZKETAK

25 Abu 2019

Orio Babyauto, Arousako ibaian nagusi

Orio Babyauto, Arousako ibaian nagusi Orio Babyauto, Arousako ibaian nagusi

San Nikolas ontziak beste erakustaldi bat eman du eta XXIX Bandeira Concello de Boiroko estropadan gailendu da

Orio Babyautok denboraldiko zazpigarren garaipena eskuratu du eta hala, XXIX Bandeira Concello de Boiro banderaren jabe egin da. Jon Salsamendiren mutilek 19'42"80ko denbora burutu dute, baita Eusko Label Ligako lidertza sendotu ere; San Nikolas ontziak 195 puntu ditu orain sailkapen nagusian eta Go fit Hondarribia bigarren sailkatuari 15 puntuko aldea ateratzen dio. CaixaBank Patroi Onenaren Sariari dagokionez, Arkaiz Diazek jarraitzen du lider 16 punturekin eta Borja Gomezekiko bost puntuko abantaila dauka.

Oriotarrek hasieratik amaiera arte estropada bikaina egin dute, eta hala, Ugaitz Mendizabalek zuzentzen zuen koadrilak denboraldiko zazpigarren bandera etxera eraman dute Boiron jokatu den estropadan. Bigarren postuan Zierbena Bahias de Bizkaiak amaitu du 8"ra eta hondarribiarrak gaurkoan laugarren lekuan geratu dira 14"ra. Santurtzi Iberdrola, bestalde, bosgarrena izan da 16"ko galerarekin.

Bigarren txandari dagokionez, Urdaibai Aviak hasieratik amaiera arte estropada oso txukuna egin du, eta hirugarren postuaren jabe egin da 19'57"46ko denbora eginez. Bigarren postuan Donostiarra geratu da Bou Bizkaiarengandik 10"ra. Cabok, etxeko taldeak, zortzigarren postuarekin konformatu behar izan du irabazlearengandik 31"ra geratu ostean. Txanda horretako azken postuan Ondarroa Cikautxo sailkatu da bermeotarrengandik 22"ra.

San Jose XV.ak maila galdu du

Astillero Repsol Electricidad y Gasek gaurko estropadan San Pedroren aurretik amaitu duen arren, bi talde horien artean beste ontzirik ez da sartu, eta beraz, kantabriarrek maila galdu dute. Bestalde, "Libia" ontziak kanporaketa jokatuko du bigarren KAE1etik eta Galiziako Ligatik datozen beste ontziekin batera. Lehen txandari dagokionez, Kaiku izan da ontzirik azkarrena 20'14"60ko denborarekin. Bigarren lekuan, San Jose XV.a izan da 8"ra, eta hirugarren lekuan, berriz, "Libia" ontziak amaitu du 14"ra. Gaurko talderik apalena Lekittarra Elecnor izan da irabazlearengandik minutu batera geratu ostean.

Geldialdia denboraldiari amaiera emateko

Asteburu honen ostean, Eusko Label Ligak atsedenaldia hartuko du. Bi asteren ostean, larunbatean Bermeon izango dira estropadak, eta igandean, berriz, Portugaleten.  

Itzuli