Albisteak 2019

BEREZIAK

11 Uzt 2019

Oraindik dena erabakitzeke

Oraindik dena erabakitzeke

Orio Babyautok Eusko Label Ligan lider sendo jarraitzen du, baina tentuz ibili beharko du 2014koa berriro gerta ez dakion
 

Sailkapen nagusiko gorengo postuan egoteak eta lidergoaren elastikoa soinean eramateak badu bere prestigioa eta harrotasuna. Eusko Label Ligan sei estropada jokatu eta gero, 12 ontzien artean badago talde bat guztien gainetik dagoena: Orio Babyauto talde hori. Jon Salsamendiren mutilek badituzte nahiko arrazoi lider izateko; jokatutako 6 estropadetatik 3tan garaile izan baitira eta beste hiru estropadetan bi bigarren postu eta laugarren postu bat lortu dituzte. Gaur gaurkoz, trainerurik azkarrena eta erregularrena da “San Nikolas” ontzia, eta orain arte txapeldunen izaera erakusten ari da. Momentu honetan, Eusko Label Ligako sailkapen nagusian oriotarrek sei puntuko aldea ateratzen diote Go fit Hondarribia bigarren sailkatuari. 

Arnasa hartzeko tartea badu Salsamendiren koadrilak, baina ezin du lo hartu; 2014an gertatu zitzaiena aurten berriz errepikatzea ez baitute nahi arraunlariek, ezta jarraitzaileek ere. Garai hartan, Igor Makazagaren aginduetara zeudenean, oriotarrek indartsu hasi zuten denboraldia, hiru jardunaldietan bi estropada irabaziz eta bigarren postu bat lortuz. Momentu hartan, “San Nikolas” ontziak zazpi puntuko errenta zuen Go fit Hondarribiarekiko. Estropadak jokatu ahala, ordea, seigarren jardunaldian oriotarrak Mikel Orbañanosen taldearekin sailkapenean berdinduta zeuden eta lidertza galdu zuten, hondarribiarren mesedetan. Halere, zazpigarren jardunaldian, Orio Babyautok berdeen aurretik amaitu zuen eta elastiko horia berreskuratu zuen. Baina zortzigarren jardunaldian, Go fit Hondarribiak “San Nikolas” ontziari aurre hartu zion, eta momentu hartatik aurrera “Ama Guadalupekoa” ontziak ez zuen lidertza galdu. Modu horretara, hondarribiarrak 2014ko denboraldiko txapeldunak izan ziren oriotarrei hamar puntuko aldea aterata. 

Argi dago, denboraldia hasi besterik ez dela egin eta CaixaBank Koroa eskuratzeko lehia bizi-bizirik dagoela. Edozer gerta liteke.  
 

Itzuli