ACT TV

ELKARRIZKETAK

01 Abu 2019

Lehia bizia sailkapeneko goikaldean

Lehia bizia sailkapeneko goikaldean

Joseba Fernandezek, Endika Moranek, Gozalo Carriones, Fernandu Ruizek eta Aritz Lizarralden denboraliko lehen zatiko honetan izan dituzten sentsazioez hitz egin dute

Asteburu honetan Espainiako txapelketa jokatuko dela eta, Eusko Label Ligako talde bakoitzetako arraunlarien iritziak jaso ditugu, eta denboraldiko lehen zati honetan izan dituzten sentsazioei buruz hitz egin digute. Sailkapeneko behealdeko eta erdiko ontzietako arraunlarien iritziak jaso eta gero, gaurkoan, lehiaketako oilarren garaia izango da. Ezusterik ezean, ontzi horiek ibiltzen dira estropada bakoitzero banderaren lehian, baita denboraldi amaieran CaixaBank Koroa eskuratzeko ere. 

Aurtengo deboraldian ezustekorik handiena jazo dena, Urdaibai Avia ematen ari den errendimendua da. Azken urteetan Eusko Label Ligan txapelduna izan den "Bou Bizkaia" ontzia sailkapeneko seigarren lekuan dago kokatua 97 punturekin. Joseba Fernandez Bermeoko taldeko entrenatzailearen arabera, denboraldiko lehen zatian hasieran espero ez zituzten emaitzak lortu dituzte, eta beraz, ez daude gustora. Datozen estropadetako Fernandezek uste du emaitzak "hobetuko" dituztela banderen lehian egoteko. 

Joan den igandean Eusko Label Ligako lehen bandera eskuratu eta gero, Donostiarra taldeak beste modu batera ikusten ditu gauzak. Torrekua II.a bosgarrena da sailkapenean 105 punturekin, iazko denboraldiko emaitzekin alderatuta hobotzen ari dira gipuzkoarrak. Halere, Julen Elizasu Donostiarrako arraunlariak dio aurreko taldeekiko orain baino "gertuago" nahi zutela egon. Datozen estropadei begira, donostiarrek "hazten" jarraitu nahi dute beste oilarrek "enbarazu" egin.

Laugarren postuan kokatua dagoen taldea Zierbena Bahias de Bizkaia da, 112 punturekin eta bandera batekin. Hala, dagoeneko, iazko denboraldian eskuratu zutena berdindu dute. Endika Moran "galipoko" arraunladiak gogoan du Castron jokatu zen VII. CaixaBank Bandera, bizkaitarrak nagusi izan baitziren estropada horretan. Halere, Moranek dio beste estropadetan ere sentsazio onak izan dituztela eta beste arerioen aurka nagusitu direla. Bestalde, Zierbenako arraunlariak espero du sailkapenean pare bat postu igoko dituztela bigarren lekua eskuratzeko, lehen postua Moraentzat "urruti" baitute, baina "ezer ez da ezinezkoa". 

Gonzalo Carrion GO fit Hondarribiko arraunlariarentzako denboralidiko lehen zatia "gazi-gozoa" izan da. Momentu honetan talde gipuzkoarra sailkapeneko hirugarren lekuan dago kokatua 115 punturekin. Halere, estropadetan izan dituzten sentsazioz galdetuta Carrionek dio denboraldi "ona" ari direla egiten. "Estropada guztietan aurkariei aurpegia ematen ari garen arren, Orio Babyautorengandik hurbilago egotea espero genuen". Hain zuzen ere, Carrionentzat XXIX. Orioko Estropadak – VII. Orio Kanpina Banderakoa izan da orain arte estropadarik "osoena" egin dutena. Horrez gain, beste estropadetan ere gustora geratu dira, hala nola, Santanderrekoa, Portugaletekoa edota Santurtzikoa, "nahiz eta emaitzan hori ez ikusi". Denboraldiko bigarren zatiari begira, arraunlari hondarribiarrak dio ·estropadaz estropada" joan behar dutela eta "ahalik eta gehien lehiatu banderarako".

"Arrakasta" hitzarekin laburbiltzen du Fernando Ruiz Santurtzi Iberdrolako arraunlariak "Sotera" ontziak denboraldiko lehen zatian egin duena. Iaz igo ziren Eusko Label Liga eta momentu honetan, talde bizkaitarra bigarren doa sailkapenean 117 punturekin. Beraz, gustora egoteko arrazoiak badituzte santurtziarrek. Momentuz, bi trapu eraman dituzte etxera eta Ruizek bat aukeratzekotan XVIII. Sestaoko Bandera da, izan ere, Ruizen ustez, estropada "bikaina" egin zuten. Halere, oraindik aurtengoa ez amaitu "Soterarentzat" eta bigarren zatiari begira, Ruizek dio beste banderaren bat etxera eramatea eta Orio Babyautok beraiekiko duen distantzia laburtzea izango dela helburua. 

Orio Babyautok Eusko Label Ligako liderrak denboraldiko lehen zati honetan puntu mordoa poltsikoratu ditu (133), eta horiekin batera bost bandera. Aritz Lizarralde "San Nikolas" ontziko arraunlariak dio denboraldi hasieran sentsazioa "onak" zituztela eta baina ez zutela espero "hain ondo" ibiliko zirenik. Behin denboraldi erdira iritsita oriotarrek Santurtzi Iberdrolarekiko 17 puntuko aldea dute, eta Lizarralderentzat "Eusko Label Liga irabaztera" joatea besterik ez zaie geratzen, estropada asko geratzen diren arren. "Ligaren bila joan behar dugu, bai ala bai".

 

Itzuli