ACT TV 2018

BEREZIAK

28 Uzt 2018

GO fit Hondarribiak ez du amore eman nahi

GO fit Hondarribiak ez du amore eman nahi GO fit Hondarribiak ez du amore eman nahi

Ama Guadalupekoak Orio irabazi eta 4 puntu jan dizkio urdaibai Aviari sailkapen orokorrean

Denboraldiko bigarren bandera irabazi du GO fit Hondarribiakt Getxoko Estropaden XL Ikurriña - JA Agirre Lehendakariaren XIV Omenaldian. Ioseba Amunarrizen mutilek estropada ikusgarria egin dute eta bide batez Bou Bizkaiaren egun txarra aprobetxatu dute Eusko Label Ligako sailkapenean 7 puntura jartzeko. 

Ez du aurkaririk izan gaurkoan Ama Guadalupekoak. Hasiera-hasieratik izan da estropada buruan eta ziabogaz ziaboga eguneko denborarik onena eginez joan dira. Brankaz nahiz poparean, hondarribitarrak izan dira gaurko onenak eta gerturatzen bakarra Orio Babyauto izan da. 19'46"84ko denbora egin du GO fit Hondarribiak gaurkoan eta 11 segundora iritsi dira bolada ederrean jarraitzen duten Gorka Aranberriren mutilak. Hirugarren izan da Zierbena Bahias de Bizkaia eta Urdaibai Aviak itxi du txanda 22 segundora. Bermekoek ez dute eguna izan eta ohorezko txandan azkenak izateaz gain, eguneko bosgarren denbora egin dute eta bihar bigarren txandatik abiatuko dira. 

Eta horrela izango da Santurtzi Iberdrolak eguneko laugarren denbora egin duelako eta bihar ohorezko txandan arituko delako etxean jokatuko duen estropadan. Sotera ahalik eta marka onena egiteko asmotan abiatu da eta estropada buruan izan da lehenengo paladetan. Cabo eta Ondarroa Cikautxo hortxe izan dira lehen posturako borrokatik gertu aurreneko luzeetan, baina azkeneko ziabogaren ondotik bizkaitarrak izan dira estropada buruko borrokan geratu direnak. Itzuliko luzean patroien lana erabakigarria izan da, ahalik eta olatu gehien hartzeko eta horretan onena Sotera izan da, helmugan 20'08"82ko denbora eginda. Sei segundora iritsi da Antiguako Ama, 13ra Cabo eta 14ra Donostiarra. Bantxa atzean geratuta zirudien bigarren luzetik, baina azkenean gutxi falta izan zaio hirugarren lekua kentzeko galiziarrei. 

Lehen txandan aldaketa asko izan dira estropadan zehar. Hobeto ekin dio Kaiku Produchak lehe luzean onena izanda. San juan Sumelec ondo aritu da bigarrenean poparean eta denbora onena egin du bigarren ziabogan. Errekak ondo eutsi dio hirugarren luzean ere, baina gertu ikusi du uneoro Tiran Pereira. Galiziarrek azken luze ikaragarria egin dute (eguneko bigarren onena, GO fit Hondarribiaren atzetik bakarrik) eta sanjuandarrak gainditu eta txanda irabazi dute 20'29"52ko denborarekin. Bigarrena izan da Bizkaitarra, hirugarren atzean geratu den San Juan Sumelec zortzi segundora eta San Pedrok itxi du estropada 16 segundora. 

Beraz Urdaibai Aviak jarraitzen du lider Eusko Label Ligako sailkapenean 112 punturekin, baina aldea zazpira murriztuta ikusi du Ama Guadalupekoarekin duen errenta. Podiuma Zierbena Bahias de Bizkaiak betetzen du. Sailkapenaren beheko aldean, Tiran Pereirak ere aldea murriztu du, bi puntu jan dizkio San Juan Sumeleci eta bostera dago orain.

Patroi onenaren CaixaBank maillotaren borrokan gaurko hiru puntuak Lur Uribarrenentzat izan dira, bi irabazi ditu Ioseba Amunarrizek eta bat Carlos Riosentzat izan da. Lider jarraitzen du Ander Etxegoienek 12 punturekin, Gorka Aranberrik baino 5 gehiago. 

Zortzigarrena San Juan Iberdrolarentzat

Ez dute aukerarik eman Batelerek eta Liga Euskotreneko Getxoko X Ikurriñan garaipena erdietsi dute, parte-hartze guztietan bezala. Arroxek Orio Babyauto izan dute aurkari zuzena beste behi ere, izan ere, 3 segundoko aldea zegoen besterik ez sanjuandarrentzat ziabogan Txikiarekiko. Oriokoak saiatu egin dira hurbiltzen itzulerako luzean haizea alde eta olatuak surfeatzen, baina ezin izan dute ezer egin ondo defendatu den San Juan Iberdrolaren aurrean, hori gutxi ez eta gainera beste segundo bateko aldea erdietsi dute arroxek bigarren luzean. 11'10" izan da denbora Batelerentzat, lau sugundo geroago iritsi da Orio Babyauto, 18ra GU Arraun eta estropada Hondarribia Bertako Igogailuakek itxi du 28 segundora. 

Beraz, lidertzan tinko jarraitzen du San Juan Iberdrolak, gaurko lau puntuekin 36 ditu jada Liga Euskotreneko sailkapenean. Zortzi puntura dago Txiki. 15era dago Gu Arraun, jada 3 puntuko aldea dute donostiarrek Ama Guadalupekoarekin hirugarren postuko borrokan. 

Arraunaren gorengo txapelketa bihar itzuliko da Santurtziko uretan Santurtziko XXXIX Ikurriñarekin eta VII Bandera Euskotrenekin 11:45etik aurrera. 

Itzuli