ACT TV 2019

ELKARRIZKETAK

20 Uzt 2019

Go fit Hondarribia nagusi Orioko uretan

Go fit Hondarribia nagusi Orioko uretan Go fit Hondarribia nagusi Orioko uretan

Ama Guadalupekoak denboraldiko hirugarren garaipena lortu du eta XXIX. Orioko Estropadak – VII. Orio Kanpina Bandera eraman du etxera. VII. Orio Kanpina Banderan, berriz, Orio Babyautok ez du hutsik egin 
 

Garaipen handia lortu du Go fit Hondarribiak gaur Orion jokatu den estropadan, eta hala, Ama Guadalupekoak XXIX. Orioko Estropadak – VII. Orio Kanpina Bandera eraman du etxera 19’42”94 denbora egin ostean. Orio Babyauto bigarren sailkatu da hondarribiarrengandik 11 segundora, eta Santurtzi Iberdrolak, berriz, hirugarren lekuan amaitu du kronometroa 19’55”46an geratuta. Laugarren postua Zierbena Bahías de Bizkaiarentzat izan da, garaileengandik 18 segundora geratu eta gero. 

Donostiarrak hasieratik amaiera arte estropada txukuna egin du, eta hala, bigarren txandako irabazlea izan da 19’59”26ko denbora eginda, eta Torrekuak Urdaibai Avia bigarren sailkatuari 8 segundo atera dizkio. Cabok eta Kaikuk beraien artean lehia estua izan dute, eta amaieran galiziarrek bizkaitarren aurretik geratu dira 20’29”44ko denbora eginez eta Kaikuri bi segundoko aldea ateraz. Gauzak horrela, Cabok eta Kaikuk zazpigarren eta bederatzigarren postuan amaitu dute, hurrenez hurren.

Lehen txandan dagokionez, Ondarroa Cikautxo nagusitu da kronometroa 20’30”30an geldituta eta San Pedrori bost segundoko aldea aterata. Gauzak horrela, Libia ontzia gaurko estropadan hamargarren lekuan geratu da. Lekittarra Elecnorrek, berriz, hamaikarren postuan amaitu du 20’47”06 denbora eginda, eta Astillero Repsol Electricidad y Gas gaurko apalena izan da ondarrutarrengandik 34 segundora geratu ostean. 

Orio Babyautok lehengo lepotik du burua
Txiki ontziko neskek ez dute hutsik egin beren zaleen aurrean eta denboraldiko seigarren garaipena poltsikoratu dute. Hala, VII. Orio Kanpina Bandera etxean geratu da 11’04”67ko denbora eginda eta Donostia Arraun Lagunaki lau segundo atera dizkiote oriotarrek. Hirugarren lekuan Donostiarra geratu da 11’19”77ko denbora eginda eta gaurko apalena, berriz, Hondarribia Bertako Igogailuak izan da oriotarrengandik 22 segundora geratuta.

Itsasotik ibaira
Denboraldiak ez du etenik. Bihar, Portugaleten,11:40etatik aurrera Euskotren Ligako “II. Sestao Udaleko Bandera” eta Eusko Label Ligako “XVIII. Sestaoko Udaleko Bandera” jarriko dira lehian. 
 

Itzuli