Albisteak

LEHIAKETA

12 Uzt 2019

Eszenatoki klasikoen asteburua

Eszenatoki klasikoen asteburua

Donostiak eta Castrok gorengo mailako arrauna hartuko dute asteburu honetan, eta Kaiarriba - Amenabar Bandera eta CaixaBank Bandera jokatuko dira
 

Asteburu bizia datorkigu, Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako jardunaldiak estropada eremu aski ezagunean jokatuko baitira. Larunbatean, XII. IV. Kaiarriba - Amenabar Banderak jarriko dira jokoan Donostian 18:00etatik aurrera, eta igandean, berriz, VII. eta IV. CaixaBank Banderak lehiatuko dira Castron, 11:40etatik aurrera. Larunbateko jardunaldia, historia aski luzea duen eta arraunlari guztiek goresten duten estropada eremu batean jokatuko dute, Kontxako Badian, zehazki. 

Gauzak horrela, Gizonezkoen estropada eremuari dagokionez, ohi bezala, 5.556 metroko diztantzia izango da, lau luze eta hiru ziabogekin osatua. Barneko balizak Donostiako Aquariumeko parean egongo dira ainguratuta. Txandak sailkapen nagusiko ordenaren arabera banatuko dira. Beraz, lehen txandan Astillero Repsol Electricidad y Gas, San Pedro, Lekittarra Elecnor eta Cabo ariko dira. Bigarrenean, Ondarroa Cikautxo, Kaiku, Urdaibai Avia eta Donostiarra lehiatuko dira. Azkenik, ohorezko txandan orain arteko ontzi onenak ariko dira: Zierbena Bahías de Bizkaia, Santurtzi Iberdrola, Go fit Hondarribia eta Orio Babyauto.
Gizonezkoen aurretik, Euskotren Ligako lau ontzien txanda izango da, eta bertan izango dira banderaren lehian Hondarribia Bertako Igogailuak, Donostiarra, Donostia Arraun Lagunak eta Orio Babyauto. Gogoratu behar da, iaz, gizonezkoetan Urdaibai Avia nagusitu zela 19’39”14ko denbora eginez. Emakumezkoen estropadan, berriz, San Juan Iberdrola gailendu zen kronometroa 11’00”74an geratuz. 

Igandean, Castron hamalaugarren aldiz jokatuko da gorengo mailako estropada CaixaBank Banderaren eskutik. Brazomarreko estropada eremu klasikoak hartuko du jardunaldia, eta hala, 11:40ean, Euskotren Ligako zortzigarren jardunaldiari emango zaio hasiera. Ondoren, Eusko Label Ligako 12 ontzien txanda izango da. Iraganera salto egin badugu, “Bou Bizkaia” ontzia da orain arte Castron jokatu diren estropada gehienak irabazi dituen taldea. Bestalde, etxeko ontziak du estropada eremuko errekorra jarria; 2010ean ezarri zuen 19’27”84ko denborarekin. Euskotren Ligari dagokionez, aurreko urtean San Juan Iberdrola irabazi zuen III. CaixaBank Bandera 11’06”02ko denbora eginda. 
 

Itzuli