ACT TV 2019

BEREZIAK

12 Ira 2019

Denboraldiaren amaiera, zubi esekiaren azpian

Denboraldiaren amaiera, zubi esekiaren azpian

Igandean, XLIX GP - XLV. El Corte Ingles Banderak eta Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako kanporaketen bigarren jardunaldiak emango diote amaiera denboraldiari, Portugaleten
 

Igandean, hilak 15, arraun denboraldiari amaiera emango zaio. Batetik, Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako kanporaketen bigarren jardunaldia jokatuko da. Eta bestetik, gizonezkoen lehiaketaren hogeigarren eta azken jardunaldia izango da jokoan.

Euskotren Ligako txartela eskuratzeko lehian ibiliko diren hiru ontziek emango diote hasiera jardunaldi handiari, 11:40etatik aurrera hain zuzen. Hondarribia Bertako Igogailuak, Hibaika Jamones Ancin eta Zumaia Salegi Jatetxea erlojuaren aurkako formatuan ariko dira bi luze eta ziaboga bakarra eginez, eta Bermeoko sailkapeneko ordenaren arabera irtengo dira traineruak. Kanporaketako irabazleak datorren urtean Euskotren Ligan aritzeko eskubidea izango du.

Eguneko bigarren estropada Eusko Label Ligako igoerako kanporaketa izango da. Emakumeak bezala, erlojuaren aurka ariko dira San Pedro, Zarautz Babyauto, CR Ares, Deusto Bilbao eta SD Tiran. Irteera-ordena larunbateko sailkapen ordenaren baitan eratuko da, eta estropada hori amaitzean jakingo da ea zein bi taldek eskuratuko duten hurrengo denboraldian maila gorenean aritzeko txartela.

Bi kanporaketa horien ondoren, Eusko Label Ligako hogeigarren eta azken jardunaldia jokatuko da, XLIX GP - XLV. El Corte Ingles Bandera lehian jarriz. Formatu linealean ariko dira zortzi ontziak eta lehen txandan Cabok, Ondarroa Cikautxok, Donostiarrak eta Urdaibai Aviak jokatuko dute. Bigarren eta ohorezko txandan, berriz, Zierbena Bahias de Bizkaia, Santutzi Iberdrola, GO fit Hondarribia eta Orio Babyauto ariko dira nor baino nor.   

Igandeko jardunaldiaren aurkezpen ekitaldia gaur goizean egin da Bilboko El Corte Inglés-en egoitzan, eta bertan izan dira Mikel Torres Portugaleteko Alkatea, Karlos Belasko Portugaleteko Arraun Elkarteko presidentea, Carmelo Lezana El Corte Ingles Euskadiko Kanpo Erlazioen arduraduna eta Borja Rodrigo ACTko presidentea.

Itzuli