Albisteak 2019

LEHIAKETA

21 Eka 2019

Dena Prest

Dena Prest

Bilbon eta Zierbenan jokatuko dira Eusko Label Liga – 2019ko CaixaBank Koroako lehen bi jardunaldiak 
 

Amaitu da itxaronaldia! Bihar emango zaio hasiera arrauneko maila goreneko denboraldi berri bati, zehazki, Eusko Label Ligako hamazazpigarren edizioari. Beste urtebetez, maila goreneko 12 traineru onenak CaixaBank Koroa eskuratzeko lehia bizian arituko dira denboraldiko 20 jardunaldietan zehar.

Urdaibai Avia izan zen iazko denboraldiko txapelduna, eta aurtengoan ere hautagai nagusia da CaixaBank Koroa eskuratzeko. Halere, denboraldi estua eta irekia espero da, eta beraz, argi dago akats txikiena egiten duenak garesti ordainduko duela. Uda osoan zehar 12 ontziak lehia bizian jardungo dira, eta irailaren 15ean jokatuko den XLIX GP - XLV Bandera El Corte Inglés-eko estropadan jakingo da zein talde izango den 2019ko Eusko Label Ligako irabazlea. 

Bihar jokatuko da sasoi honetako lehenengo lehia. Bilbon izango da, 18:00etan hasita (ETB eta TVG), eta X. Bilboko Bandera egongo da jokoan. Aurreko urteetan bezala, erlojupeko formatuan arituko dira, eta txanda bakoitzean minutuz minutu aterako dira ontziak. Denboraldi honetako lehen jardunaldia izanik, aurreko urteko sailkapen orokorraren arabera finkatuko dira txandak. Beraz, lehen txandan, maila gorenera igo berri diren Astillero eta Lekittarra Elecnorrekin batera Kaiku eta San Pedro arituko dira. Bigarrenean, berriz, Ondarroa Cikautxo, Donostiarra Cabo eta Sarturtzi Iberdrola lehiatuko dira, eta azkenik, ohorezko txandan arituko diren lau ontziak Orio Babyauto, Zierbena Bahias de Bizkaia, Go fit Hondarribia eta Urdaibai Avia izango dira. Estropada eremuari dagokionez, barruko baliza Bilboko udaletxe aurrean kokatua egongo da, eta kanpokoa, aldiz, Deustoko Unibertsitateko Arrupe pasarela inguruan egongo da ainguratua. 

Go fit Hondarribia da estropada honetan bandera gehien irabazi dituen taldea; lau bandera eta azken hiruak jarraian (2014, 2015 eta 2016), zehazki esanda. Gainera, “Ama Guadalupekoa” ontziak du jarria estropada eremuko errekorra (19´20”68), 2014an. Azken bi edizioetan, berriz, Urdaibai Avia izan da garaile. 

Bestalde, igandean XXXVI. Petronor Bandera jokatuko da Zierbenan, 12:00etatik aurrera (ETB eta TVG). Kasu honetan, txandak larunbateko jardunaldiko sailkapenaren arabera zehaztuko dira. Iazko edizioan Go fit Hondarribia gailendu zen. Trapu gehien irabazi dituen taldea, berriz, San Pedro da. Bederatzi alditan izan da nagusi “Libia” ontzia. Bestalde, estropada eremuko denborarik azkarrena Urdaibai Aviak egindakoa da (19’24”42), 2014an.

Argi dago, beraz, denboraldi erakargarri eta zirraragarri baten atarian gaudela. Prest zaude?
 

Itzuli