Albisteak 2019

LEHIAKETA

23 Abu 2019

Azken lehiak Galiziako uretan

Azken lehiak Galiziako uretan

Moañan eta Boiron lehiatuko diren denboraldiko hamazazpigarren eta hamazortzigarren jardunaldiekin, pixkanaka-pixkanaka, Eusko Label Liga amaierara heltzen ari da 
 

Lau estropada besterik ez dira geratzen 2019ko Eusko Label Ligako denboraldiari amaiera emateko. Sasoiko azken lehiak direla eta batez ere behealdeko postuetan lehia bizia dagoela jakinik, asteburu honetan Galizian izango diren estropadak erabakigarriak izango dira. Larunbatean 18:00etatik aurrera Bueuen II Bandeira Concello de Bueu – Gran Premio Teccarsa-Rehau-Roto jarriko da jokoan. Igandean, berriz, Boiron izango da estropada 12:00tatik aurrera, eta XXIX Bandeira Concello de Boiro jarriko da jokoan. 

Ez da lehen aldia arraunaren maila gorena Pontevedrako ibaian egon dena, 2014an Eusko Label Ligako hirugarren jardunaldia izan baitzen; urte hartan, Orio Babyautok I Bandeira Concello de Bueu irabazi zuen 19'51"10eko denbora eginez eta Urdaibai Aviari bi segundoko aldea atera zion.

Bueueko estropada formatu linealean jokatuko da, eta 12 ontziak hiru txandetan ariko dira. Guztira, 3 millako diztantzia burutuko dute, hiru ziaboga eta lau luze eginez. Ohi bezala, Eusko Label Ligako sailkapenaren arabera eratuko dira txandak. Gauzak horrela, Astillero Repsol Electricidad y Gas, San Pedro, Lekittarra Elecnor eta Kaiku ariko dira lehen txanda. Bigarrenean, berriz, Cabo, Ondarroa, Urdaibai Avia eta Donostiarra lehiatuko dira. Azkenik, hirugarren eta ohorezko txandan, Eusko Label Ligako lau oilarrak: Zierbena Bahias de Bizkaia, Santurtzi Iberdrola, Go fit Hondarribia eta Orio Babyauto liderra. 

Igandea, berriz, Boiroko estropadaren txanda izango da, eta bertan XXIX Bandeira Concello de Boiro jarriko da lehian. Aurreko eguneko formatu berdinean 12 ontziak nor baino nor lehiatuko dira Arousa ibaian. Irteera-ordena Eusko Label Ligako sailkapenaren arabera eratuko da. 

Aurreko edizioan, Urdaibai Avia nagusitu zen Boiroko estropadan 19’18”58ko denbora eginez. Bizkaitarrek Go fit Hondarribiari 4”ko aldea atera zioten. Gainera, “Bou Bizkaia” ontziak du estropada eremu errekorra jarria, 19’03”96ko denbora eginda 2018an. Bestalde, Bermeoko taldea azken hiru edizioetan nagusi izan da eta 2004ko garaipenarekin guztira lau trapu dituzte bereganatuta. Bigarren lekuan “Ama Guadalupekoa” ontzia dago garaipenen zerrendan kokatua hiru banderekin (2005, 2006, 2015.  

Boiroko estropada amaitu eta gero Eusko Label Ligako azken lau postuak finkatuak egongo dira. Azkenak maila galduko du, azkenaurrekoak, berriz, bigarren mailatik datozen taldeekin batera playoffak jokatu beharko ditu irailean. Azkenik, hamargarren eta bederatzigarren postuan amaitu duten taldeek aurtengo denboraldiari agur esango diote. 
 

Itzuli